Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuak beste hogeita hamairu euskal entitateekin indarrak batu ditu Emakumeak Zientzian proiektuaren inguruan, gainera, ekimenaren erakunde koordinatzaileen taldean parte hartuz. Horrela, Institutuak ekimenaren helburuekiko konpromisoa berretsi du: zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea.

Emakumeak Zientzian programak hamargarren edizioa izango du aurten, eta, orain arteko ibilbideari ez ezik, etorkizunari ere begiratuko dio. Sortu zela hamar urte igaro ondoren, proiektuak berretsi egiten du bere uste sendoa: aurrerapenak aurrerapen, bada oraindik ere desberdinkeriarik zientzian. Hortxe jarraitzen dute, ikusten badugu nola eraikitzen den jakintza, nork duen ahotsa, nork gidatzen duen eta zeinek jarraitzen duen bazterrean. Era berean, honaino iritsi izanari esker hartzen dugu astia zergatik jarraitu behar dugun hausnartzeko. “Marea bizia gara” leloa aukeratuta, 34 euskal erakundek kolektibotasunaren indarra azpimarratu dute aurtengo edizioan, otsailaren 11n ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren karian antolaturiko jarduera-programan.

“Elkarrekin mugimendua sortzen duten ekarpen txiki askori esker egiten du aurrera marea biziak. Ez dago pertsona bakar baten mende, ezta ekintza bakar baten mende ere. Eta horixe da, hain zuzen, sarean bultzaturiko Emakumeak Zientzian proiektuaren espiritua: emakumeen parte-hartzea bultzatzen du, gizartearekin lotura estuagoa duen zientzia irekiago eta bidezkoago baten alde egiten du, eta estereotipoetatik aldentzen diren bokazio zientifikoak inspiratzeko lan egiten du”, adierazi dute antolatzaileek. “Marea bizia gara egitasmoa proiektua ulertzeko modu bat baino gehiago da; egiten jarraitu nahi den bidea ulertzeko modu bat ere bada. Elkarlanean eta konpromisoan oinarriturik eraikitzen da bide hori, konbentziturik zientzia hobea dela aniztasun handiagoa duenean” gainaeratu dute.

Emakumeak Zientzian 2026 programa otsailaren 3tik 11rako astean garatuko da. 70 jarduera baino gehiagoko programa zabal bat diseinatu da, EAE osoan zehar, erakusteko ekintza txikiek, elkarrekin, mugimendu handia sortzen dutela.

Hamargarren edizio hau otsailaren 3an hasiko da Donostian, Bilbon eta Gasteizen, Atzoko eta gaurko emakume zientzialariak ekitaldi arrakastatsuarekin, zeinak hainbat ikerketa-arlotan lan egiten duten emakume zientzialari nabarmenak bilduko baititu. Egun horretatik aurrera, adin guztietako jendeari zuzendutako jarduerak egingo dituzte eta baita komunitate zientifikoari zuzendutakoak ere. Otsailaren 11n amaituko dira hamargarren edizioko jarduerak (Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunean, hain zuzen), Donostiako Aquariumean egingo den jai-ekitaldi batekin. Amaierako topaketa horretan, gogoeta-prozesu baten ondotik eginiko manifestu edo ekintza-plan bat partekatuko dute. Hark markatuko ditu Emakumeak Zientzian proiektuaren etorkizuneko ildoak, eta ospakizunaren ardatz nagusi bihurtuko da.

Biogipuzkoaren kasuan, otsailaren 4an, 12:00etan, “Berdintasuna zientzian, zer aldatu da? Nola aldatu gara?mahai-ingurua egingo da Biogipuzkoan, komunitate zientifikoari zuzendua. Egun batzuk geroago, otsailaren 10ean, 18:00etan, Biogipuzkoan “Genero-ikuspegiarekin osasunean ikertzen” ekitaldia egingo da, kasu honetan publiko orokorrari zuzenduta.

Jarduera-programa osoa www.emakumeakzientzian.eus atarian argitaratuta dago, eta jada eman daiteke izena antolaturiko jardueretan.