Minbiziaren aurkako Espainiako Elkarteak (AECC) 13 laguntza banatu ditu minbiziaren ikerkuntzarako (5,2 milioi euro guztira), eta horietatik bi Marta Fernández-Mercado eta Paula Aldaz IIS Biodonostiako koikerlarientzat izan dira.
75.000 euroko laguntza jaso du Paula Aldazek, IIS Biodonostiako Neuro-Onkologiako Taldeko ikerlariak, “SOX9-en funtzioa glioblastoman” bere doktoretza-tesia garatzeko. Helburutzat du molekula-itu berriak aurkitzea garuneko tumorerik gaiztoenetakoa den glioblastomaren tratamenduan.
135.000 laguntza jaso du, bestalde, Marta Fernández-Mercadok, IIS Biodonostiako Hemato-Onkologiako Taldeko ikerlariak, zelula handiko B linfoma hedatsuetan mikroRNAek betetzen duten funtzioa aztertzeko (linfomen % 40 dira eta 100.000 pertsonen artetik hiruk pairatzen dute).
Laguntzen garrantzia azpimarratu dute biek, ezinbestekoak baitira minbizia duten gaixoen bizi-kalitatea hobetzeko proiektuei egonkortasuna emateko eta minbizia gainditzeko aukerak ugaritzeko.
2014ko irailaren 17an Donostiako Victoria Eugenia Antzokian egindako ekitaldian banatu ziren laguntzak, Letizia erreginaren lehendakaritzapean, eta ekitaldian izan ziren, beste batzuen artean: Ana Mato, Espainiako Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasunerako Ministroa; Jon Darpón, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburua; Isabel Oriol, AECC elkarteko lehendakaria eta Fernando Pesquera, elkartearen lehendakaria Euskal Autonomia Erkidegoan.
Fernando Pesquerak ikertzen jarraitzeko beharra azpimarratu zuen, “hori baita minbiziari konponbidea edo soluzioa emateko modu bakarra”. Zentzu horretan, IIS Biodonostiaren garrantzia azpimarratu zuen, izan ere, “ibilbide laburra egin badu ere, nazioartean erreferentziazko Ikerketa Zentro bat izatera iritsi da eta Euskadiko Ikerketa Institutu garrantzitsuena ere bada, bere ikerlarien lanari eta gogoari esker”.
Bestalde, Letizia erreginak sarituak zoriondu zituen eta AECC elkarteak azken 61 urteetan egindako lana goraipatu zuen. Izan ere, minbizia duten pertsonei eta beren familiei laguntza eta aholkularitza emateaz gain, minbiziaren inguruko jarduera zientifikoa eta ikerketa sustatzea lortu du elkarteak bere ibilbidean.





