Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutuko Osasun Publikoa eta Ingurumen-epidemiologia taldeko ikertzaileek aztertu dute substantzia perfluoroalkilatuen presentzia Urolako eta Goierriko haur eta nerabeetan. Ikerketa hau posible izan da, Anne San Román, Eunate Abilleira, Belen González-Gaya, Juan Francisco Ayala-Cabrera, Ziortza Barroeta, Nestor Etxebarria eta Amaia Irizar ikertzaileen lanari esker; eta Environmental Research nazioarteko aldizkari zientifikoan argitaratu dira ikerketaren emaitzak.
Azken urteotan, substantzia perfluoroalkilatuen (PFAS) erabilera orokortuarekin batera, haien iraunkortasun eta mugikortasun handiak ingurumen-kutsadura globala eta gizakietan bioakumulazioa eragin dute. PFASen esposizio-iturri nagusiak dieta eta edateko ura direla identifikatu bada ere, hainbat ikerketek erakutsi dute esposizio hori bizitzako lehen etapetan hasi daitekeela, substantzia hauek plazenta-hesia zeharka dezaketelako eta edoskitzearen bidez ere transmititu daitezkeelako.
Testuinguru honetan, fetuak eta haur txikiak bereziki sentikorrak dira konposatu hauen aurrean, bizitzako lehen etapa horiek ondorengo garapenean berebiziko garrantzia dutelako, eta esposizio goiztiar horrek helduei eragingo lieketen kontzentrazio baxuagoetan ere ondorio kaltegarriak sor ditzakeelako. INMA-Gipuzkoa kohorteko amekin haurdunaldiaren lehen hiruhilekoan egindako aurreko ikerketek PFNA, PFOA, PFHxS eta PFOS PFASen maila kuantifikagarriak erakutsi zituzten.
Horren ondorioz, ikerketa taldeak beharrezkotzat jo zuen haurren PFAS esposizioa mapatzea garapenaren funtsezko etapetan (4, 8 eta 14 urteetan), eta esposizio mailei lotutako faktoreak identifikatzea, osasunean izan ditzakeen ondorio posibleak aztertzeko. Gainera, ikerketa taldea ez zen mugatu ametan aurretik neurtutako lau PFASetara bakarrik. Gaur egun, araudi berriak sortzen diren heinean, industriak PFAS berriagoak garatzen ari direnez, ikerketaren esparrua zabaltzea erabaki zuen. Horrela, PFAS emergenteak eta haien aitzindariak ere sartu zituzten monitorizazio-zerrendan. Hedapen hau funtsezkoa da egungo esposizio-egoera hobeto islatzeko eta oraindik behar bezala arautu edo aztertu ez diren substantziekin lotutako arrisku posibleak aurreikusteko.
Luzetarako ikerketa berri honetan, 2011 eta 2022 bitartean INMA Gipuzkoa jaiotza-kohortean bildutako bi Gipuzkoako eskualdetako (Urolako eta Goierriko) plasma laginak aztertu dira: 207 haurrenak 4 urte zituztenean, 241 haurrenak 8 urterekin, eta 167 nerabeenak 14 urterekin. Helburua ingurumen-eragin handiko 42 PFASen presentzia neurtzea izan zen.
Guztira, 18 PFAS mota desberdin atzeman ziren, horien artean ohiko PFASak ez ezik, konposatu berriak eta aitzindariak ere (gorputzean edo ingurumenean PFAS iraunkor bihur daitezkeen substantziak). Maiztasun handienarekin detektatutako PFAS-ak PFOS, PFOA, PFNA, PFDA eta PFHxS izan ziren, eta haurren %70etik %97ra bitartean aurkitu ziren. 4 urteko umeek izan zuten detekzio-tasarik handiena. Halaber, ikusi zen nerabezarora iristean kate laburreko PFAS batzuen presentzia handitu egiten zela, esposizio-motak adinarekin aldatu egiten direla adieraziz.
Urolako eskualdeko haur eta nerabeek PFAS maila altuagoak izan zituzten, eta 14 urteko nerabeen %26 eta %35 bitartean Europako Elikagaien Segurtasun Agentziak lau PFASen (PFNA, PFOA, PFOS, PFHxS) esposizio kronikorako ezarritako muga gainditu zuten. Bereziki, PFOA-ren kontzentrazioak handitu ziren 8 eta 14 urte bitartean, denbora-tarte horretan esposizioa egon zela adieraziz.
Gainera, ez zen alde nabarmenik aurkitu nesken eta mutilen artean PFAS totalei dagokionez, nahiz eta 14 urteko mutiletan konposatu jakin batzuen mailak zertxobait altuagoak izan ziren.
Beste ikerketa batzuetan argitaratutako datuetatik abiatuta egindako arrisku-estimazioek adierazi zuten haur gehienak ez daudela arrisku larriko egoeran, baina baliteke haur batzuek gibelean edo garapenean eragin moderatua izateko arriskua izatea.
Azkenik, analisi estatistikoek erakutsi zuten amek haurdunaldiko PFAS mailak eta edoskitze-denbora seme-alabek haurtzaroaren hasieran zituzten PFAS mailekin erlazionatuta zeudela. Hala ere, haurrak hazten zihoazen heinean, ingurumen faktoreek, hala nola bizilekuak, eragin handiagoa zuten. Gurasoen egoera sozioekonomikoak ez zuen lotura esanguratsurik izan PFASen esposizioarekin ikerketa honetan.
Ondorioz, ikerketa honek frogatzen du PFASak populazio zaurgarietan daudela, hala nola haurren eta nerabeen artean, eta euren garapenean zehar iraun egiten dutela. Kate luzeetako PFAS asko araututa edo debekatuta egon arren, oraindik ere detektatzen dira, nahiz eta detekzio-tasak jaisteko joera duten. Hala ere, azkeneko laginketan kate laburreko PFASen eta konposatu berri batzuen presentzia handitzen ari dela ikusi da, eta horrek beharrezko bihurtzen du hauek ere etorkizuneko ikerketetan eta araudietan sartzea.
Bi eskualde geografikoki hurbileko PFAS mailen artean aldeak ikusi ziren, eta Urola eskualdeak PFOA maila handiagoak erakutsi zituen 14 urteko nerabeetan. Honek azpimarratzen du biomonitorizazio jarraituak egitearen beharra, denboran zehar gerta daitezkeen aldaketak detektatzeko.
Lehenago egindako ikerketetan PFASek gibelean eta garapenean eragindako ondorioak lotu izan badira ere, lan honetan kalkulatutako arrisku-indizeak oro har baxuak edo moderatuak izan ziren, nahiz eta neurtutako maila askok gomendio ofizialak gainditzen dituzten. Honek adierazten du arauetako mugen eta arriskuak ebaluatzeko erabiltzen diren mugen artean adostasun handiagoa behar dela.
Emaitza estatistikoek erakutsi dute amek dituzten PFAS mailak eta edoskitzaro luzeagoak (>24 aste) direla haurtzaro hasierako esposizioaren faktore gakoak. Gainera, bizileku-eremuak ere eragiten du mailetan; Urola izan da PFOA bereziki altuena duen eskualdea.
Oro har, ikerketa honek azpimarratzen du arauak zorrotzagoak izan behar direla eta biomonitorizazio ikerketak egin behar direla etorkizuneko belaunaldien babeserako. Halaber, ikerketa honek Europako hegoaldean PFAS-ei buruz egin diren ikerketen falta estaltzen ere laguntzen du, nazioarteko ikerketa osatuz eta ezagutza aberastuz disruptore endokrino diren PFASekiko esposizio goiztiarrei buruzko datuekin.
Lan honek funtsezko informazioa ematen duenez PFASen presentziari eta bilakaerari buruz haur eta nerabeen artean, bereziki zaurgarria den populazioan, haien osasunari epe luzera eragin diezazkioketen arrisku potentzialak identifikatzeko lagungarria izan daiteke. Emaitza hauek osasun- eta ingurumen-gomendioak hobetzen lagun dezakete, esposizioa murriztuz eta, horrela, pertsonak PFASekin lotutako balizko ondorio kaltegarrien aurrean babestuz. Gainera, kutsatzaile-maila handiagoak dituzten eremu geografikoak identifikatzeak aukera ematen du eskualde jakinetan esku-hartze espezifikoago eta eraginkorragoak bideratzeko. Azken batean, lan honek haur eta nerabeentzako ingurune seguruagoa bermatuko duten politika publiko zorrotzagoak ezartzeko oinarriak ezartzea du helburu, haien bizi-kalitatea eta etorkizuneko ongizatea hobetzeko.
Ikerketa taldearen hitzetan “Erantzukizun eta konpromiso handia sentitzen dugu gazteen osasunari eragiten dioten datuekin lan egitean, gure lanak haien babesean eta ongizatean eragin dezakeela jakinda. Lan hau egiteak aukera eman digu gai konplexu eta berritzaile batean sakontzeko, gure eskualdean oraindik nahikoa arautu edo ikertu ez diren kutsatzaileei buruzko ezagutza zientifikoa handituz”. Gaineratzen dute “Espero dugu emaitzek PFASekiko esposizioaren arriskuei buruzko kontzientzia publikoa eta zientifikoa handitzeko balioko dutela, ingurumenaren zaintza areagotuz eta esposizioa murrizteko arau-aldaketak sustatuz. Halaber, ikerketa honek etorkizuneko azterketak inspiratzea nahi dugu eta beste talde batzuekin lankidetzan aritzea prebentzio- eta arintze-estrategia integralak sortzeko.”
Lan hau Espainiako Ikerketa Agentzia Estatalak (AEI) eta Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (FEDER) finantzatu dute, AQUASOMIC PID2020–117686RB-C31 proiektuaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren bidez (PID 2021111053) eta Eusko Jaurlaritza bera, Euskal Ikerketa Sistemako talde finkatu gisa (IT1446–22). Era berean, eskerrak eman nahi dizkiegu Haurrak eta Ingurumena (INMA) proiektuari, baita ikerketan parte hartu duten pertsona guztiei eta haien familiei ere. Eskertzen dugu bereziki INMA proiektuko kide guztien ekarpen baliotsua, baita tokiko udalen parte-hartzea ere eta INMA proiektuko ikertzaile guztiei. ASR-k eskerrak ematen dizkio Eusko Jaurlaritzari PRE_2024_2_0103 aurre-doktoretza bekagatik. JFAC-ek eskerrak ematen dizkio Euskal Herriko Unibertsitateari (UPV/EHU), Unibertsitate Ministerioari eta Europar Batasunari (Next Generation EU) María Zambrano doktorego-ondoko bekagatik. BGG-k eskerrak ematen dizkio Ikerbasque – Zientziarako Euskal Fundazioari bere Ikerketa Bekagatik.






