Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutuko Arnas eta Pleura Patologia taldeko ikertzaileek, Gaixotasun Kronikoen Ebaluazio Ekonomikoaren, Epidemiologia Infekziosoaren eta Mikrobioen Aurkako Erresistentziaren,eta Bularreko Minbiziaren taldeetako lankideekin batera, metodo informatiko bat baliozkotu dute, tuberkulosiak eragindako pleura-isuriak tumoreetatik bereizteko gai dena. Alberto Garcia-Zamalloa, Javier Mar, Iñaki Salegui, Juan Antonio De Miguel, Nekane Mugica, Borja Aguinagalde, Jon Zabaleta, Marta Alonso, Nekane Azcue, Irati Garmendia eta Jorge Taboada izan dira ikerketa honen egileak, Osakidetzako ikertzaileekin eta La Lagunako Unibertsitateko Informatika eta Sistema Ingeniariekin batera. Emaitzak PLOS One nazioarteko aldizkari zientifikoan argitaratu dira.

Pleura-isuria biriken eta horma torazikoaren arteko likido-metaketa anormala da. Pleura-isuriaren kausak askotarikoak izan daitezke; horregatik, pleura-isuri exudatiboen eta mononuklearren artean tuberkulosiaren jatorria zuten kasuak diagnostikatzeko, eta tumore-jatorritik bereizteko beharraren eta interesaren ondorioz, sortu zen ikerketa hau, metodo ez-inbaditzaileak erabiliz. Gipuzkoa aukeratu zen lan hau egiteko, azken hiru hamarkadetan tuberkulosiaren intzidentzia nabarmen jaitsi den egoera baita. Ikerketa-taldea ildo horretan ari da lanean 2008az geroztik, eta 2021ean garatu zuten metodo bat baliozkotu dute lan berri honetan.

Ikerketa-taldeak garatutako metodoa Pleurapp aplikazioaren bidez dago eskuragarri, eta gai da tuberkulosiaren pleura-isuriak behar bezala sailkatzeko, % 91ko sentikortasunarekin eta % 98ko espezifikotasunarekin, Gipuzko bezelako leku batean, non tuberkulosiak eragindako pleura-isuria izateko probabilitatea % 3,8koa den. Hau da, metodoak oso fidagarritasun eta eraginkortasun handia du tuberkulosiaren ondorioz pleura-isuri gutxi dauden egoera batean. Gainera, Pleurapp gai da pleura-isurien % 90 behar bezala sailkatzeko, tumoreak direla-eta, tuberkulosoak ez diren isurien artean. Sailkatzeko, Pleurappek fluido pleuralaren analisi batekin lor daitezkeen balioak erabiltzen ditu.

Pleurapp, azken batean, tuberkulosien edo tumoreen artean sailkatzeko tresna baliagarria da, eta globulu zuri mononuklearrak nagusi diren pleura-isuriak diagnostikatzeko prozesua errazten du. Horrek onurak dakarzkie pazienteei hainbat alderditan. Alde batetik, biopsia pleuralak arrazoizko segurtasunez murriztu litezke, probak mugatuta dituzten pazienteetan. Bestetik, pleurako biopsia itxi bat egin daitekeela adieraz daiteke, aplikazioan tuberkuloso gisa sailkatutako pazienteei biopsia kirurgikoa egin baino lehen. Azkenik, gaiztotzat sailkatutako isurietan jarrera diagnostikoa gogorragoa izan daiteke.

Ikerketa-taldearen hitzetan, “Urte hauetan guztietan egin dugun lanagatik sarituak sentitzen gara, eta munduko edozein lekutan pleura-patologian lan egiten duten Zerbitzu Medikoetan erabilgarria eta erabilia izatea espero dugu“. Gaineratu dutenez, “Aipamen berezia egin nahi diogu La Lagunako Unibertsitateko Informatika eta Sistema Ingeniaritzako Departamentuari, berak ematen baitigu Machine Learning, metodo informatikoa, eta haren laguntzarik gabe ez baitzen posible izango. Sail horretan Rafael Arnay eta Iván Castilla ingeniariak dira gure laguntzaileak. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiogu Debabarreneko ESIren Bottom-up baten bidez egindako finantzaketagatik, aplikazioa programatzaileen enpresa baten kontratazioaren bidez egiteko. Hori gabe, hori guztia ezinezkoa zatekeen. Aipatu behar da, halaber, Biogipuzkoak gure azken lana PLoSONEn argitaratzeko finantzaketa eskaini digula, nazioarteko inpaktu handiko eta sarbide irekiko (Open Access) aldizkaria“.