Maiatzaren 20an Entsegu Klinikoen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Institututik zer diren eta nola kudeatzen diren jakiteko, Ikerketa Klinikoaren Unitateko kideengana jo dugu, haien lana ezagutzeko.

Zer dira entsegu klinikoak?

Zientziaren eta medikuntzaren arloan aurrerapen esanguratsuak izan dituen etapa batean bizi gara: tratamendu berritzaileen agerpena eta sendagai zein gailu teknologiko berriak dituzten terapiena. Talde klinikoentzat aukera bat da, baina erronka bat ere bai: nola zehaztu zeintzu interbentzio diren benetan eraginkorrak eta seguruak pazienteentzat?

Entsegu klinikoak ikerketa-lanak dira eta, horietan, borondatezko parte-hartzaileetan terapia, sendagai, txerto, terapia biologiko, osasun-produktu, esku-hartze edo prozedura mediko berriak ebaluatzen dira. Gizakiengan aplikatzeko duten eraginkortasunari eta segurtasunari buruzko ebidentzia zientifiko sendoa sortzea dute helburu, ohiko praktika klinikoan erabili aurretik. Azterlan horiei esker, produktu edo esku-hartze bat biztanleria orokorrean erabiltzeko segurua den eta proposatutako helburu terapeutikoak betetzen dituen jakin daiteke. Horiei esker, gaur egun terapia berritzaileak ditugu, hala nola, sendagai biologikoak eta terapia aurreratuak, herritarren osasuna hobetzea bilatzen dutenak, milioika pertsonen bizi-kalitatea handitzeaz gain.

Entsegu kliniko bat ohiko praktika klinikotik bereizten duena interbentzio espezifikoak dira, hala nola, hasieratik jarraibide terapeutiko bat esleitzea, pazienteen aleatorizazioa, eta/edo ohiko praktika klinikoaren testuinguruan aplikatuko ez liratekeen diagnostiko-teknikak eta/edo tratamendu gehigarriak erabiltzea. Hori guztia arau etiko eta zientifiko zorrotzen arabera egiten da, betiere pazienteen borondatezko baimen informatua izanda. Ikerketa klinikoa ez litzateke posible izango pazienteen konpromisorik gabe, haiekin bidea egiten duen osasun-taldearen lanik gabe eta ikerketaren sustatzailearen kudeaketa eta antolaketarik gabe.

Zer lan egiten duzue entsegu klinikoen barruan?

Biogipuzkoa OIIko Ikerketa Klinikoaren Unitatetik (IKU), Gipuzkoako osasun-zentroetan entsegu klinikoak modu optimoan eta seguruan egitea ahalbidetzen duen prozesu guztian laguntzen dugu. Gure taldea hiru arlo handitan egituratzen da: zientifiko-teknikoa, erizaintza eta lagin biologikoak, eta kudeaketa ekonomiko-administratiboa.

Zientzialari eta osasun-langile oso espezializatuek osatutako arlo horien bidez, ikertzaileei entsegu klinikoak planifikatzen, gauzatzen eta garatzen laguntzen zaie, kalitatea bermatuz eta saiakuntzak aplikagarriak diren legeak eta araudiak betetzen dituela ziurtatuz, hala nola, parte-hartzaileen datuen babesarekin eta onarpen etikoarekin lotutakoak. IKUk zentroetara iristen diren saiakuntzen abian jartzea eta kudeatzea babesten du, dauden arazo medikoei irtenbideak emateko helburuarekin. Saiakuntza kliniko propioak ere sortzen ditugu, konpondu gabeko osasun-arazoei aurre egiteko, entsegu klinikoak diseinatzen lagunduz, metodologikoki sendoak direla eta Praktika Kliniko Onaren (PKO) arauak betetzen dituztela ziurtatuz eta emaitzen baliozkotasuna bermatuz.

Parte hartzen dugun alderdi garrantzitsuenetako bat saiakuntzaren emaitzak komunikatzean eta hedatzean datza, ezagutza komunitate zientifikora eta gizartera eramaten lagunduz. IKUk entsegu klinikoetan konfiantza eraikitzen ere laguntzen du, modu etiko eta zorrotzean egiten direla ziurtatuz.

Azken finean, esku-hartze mediko berriak identifikatzen eta ebaluatzen laguntzen dugu, tratamendu eraginkorragoen garapena sustatuz, eta berrikuntzaren eta praktika klinikoaren arteko zubi gisa jokatzen dugu, terapia berriak pazienteengana modu seguru eta eraginkorrean irits daitezen lagunduz.

Zer sentitzen duzue horrelako lana egitean?

Esperientzia aberasgarria da saiakuntza kliniko baten garapenean parte hartzea, hainbat profil profesionalen arteko lankidetza-lana eskatzen baitu. Gure unitatean, besteak beste, Osakidetzako talde klinikoekin, institutuko unitate eta ikerketa-taldeekin, kanpoko sustatzaileekin (esate baterako, enpresa farmazeutiko edo bioteknologikoak) edo Carlos III.a Osasun Institutuarekin kolaboratzen dugu.

Badakigu, saiakuntza bakoitzaren atzean, Ikerkuntza alternatiba terapeutiko gisan konfiantza duten pertsonak daudela. Horregatik, arduraz, konpromisoz eta hurbiltasunez lan egiten dugu, ematen dugun urrats bakoitzak pazienteari terapia seguruago eta eraginkorrago bat hurbiltzen diola sinetsita, medikuntza eta gizarterako etorkizuna eraikiz.

Entsegu klinikoak egitean, harrotasun eta konpromiso sakona sentitzen dugu. Bihotzez, badakigu gure eguneroko lana gainditzen duen kausa batetan gure aletxoa jartzen ari garela.

Lagin bakoitzak, datu bakoitzak, ahalegin bakoitzak helburu bat du: gure pazienteen etorkizuna hobetzea.

Hunkitu egiten gaitu gure lanari esker egunen batean norbait gehiago eta hobeto biziko dela jakiteak. Agian gaur aukera bat besterik ez den tratamendu bat, bihar bizitzak salbatuko dituen errealitate bat izango da. Eta horrek egunero bultzatzen gaitu, medikuntzaren historian arrastoa uzten ari garen ziurtasunarekin.