Otsailaren 6an, Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuak Retina Euskadi Begisare Elkarteko kideen bisita jaso zuen, eta 22.000 euroko txeke bat eman zuen, gaixotasun horien ikerketa sustatzeko lanari jarraipena emateko. Elkarte horrek erretina-distrofia hereditarioak eta ikusmen txikia eta itsutasuna eragiten duten beste gaixotasun batzuk dituzten pertsonei laguntzen die.

Ekitaldian, Itziar Vergarak Biogipuzkoa OIIko zuzendari zientifikoak ongietorria egin zien, eta Institutuko Neuroendekapen Sentsorialeko taldeko kideak bertaratu ziren, Javier Ruiz Ederra doktorea eta Donostia Ospitaleko Oftalmologia Zerbitzuko Cristina Irigoyen doktorea taldeko arduradunekin batera. Ikerketa talde honek begietako gaixotasun horietan lan egiten ari da, 2011tik Retina Euskadi Begisareren laguntzarekin.

Javier Ruiz Ederrak aurkezpen labur bat egin zuen azken urteko aurrerapenak Begisareko kideei gerturatzeko. Horien artean daude Amerikako Elikadura eta Sendagaien Administrazioak (FDA) eta Sendagaien Europako Agentziak (EMA) sendagai umezurtza izendatzea; berrikusketan dagoen artikulu bat, oftalmologiako aldizkari ospetsu batean argitaratu aurretik; ikerketa-proiektu bat lortzea partzuergo batekin lankidetzan, diagnostiko genetiko-molekularrean aurrera egiteko, Estatuko Ikerketa Agentziak (AEI) eta Europako Batzordeak diruz lagunduta; erretinopatia diabetikoaren ex vivo eta in vivo ereduak prest jartzea; eta Araceli Lara Ikerlariaren Tesiaren defentsa.

Retina Euskadi Begisareren ordezkari izan ziren Itsaso Nuin, Retina Gipuzkoa Begisareko presidentea; Arantza Uliarte, Retina Bizkaia Begisareko presidentea; Xabier Latorre, Retina Gipuzkoa Begisareko idazkaria eta Ana Grijalba, Retina Gipuzkoa Begisareko presidenteordea. “Retina Euskadi Begisarek konpromiso sendoa du Biogipuzkoak garatzen duen ikerketa-proiektuarekin. Urteroko topaketa honekin zuen lana eskertu nahi dizuegu. Badakigu ordu asko ematen dituzuela laborategi batean edo ordenagailu baten aurrean, eta, segur aski, zuen animo- eta desanimo-uneak izango dituzue. Gaur hemen gaude guri aurpegia jartzeko eta gogoratzeko zuen ahaleginak Aitorrek mendira joaten jarraitzeko balioko duela; agian Itsasok berriro irakurtzeko aukera izango duela, Felik ez duela etxetik irteteko beldurrik izango edo, auskalo, Javik futbol partida bat berriro jokatzeko aukera izango duela. Ikerketan aurrerapen txiki bat egiten duzuen bakoitzean, erretina-distrofiak pairatzen ditugunok itxaropen handiagoa dugu. Zuen lanaz harro egon zaitezkete”, adierazi zuen Itsaso Nuin Retina Gipuzkoa Begisareko lehendakariak.

Biogipuzkoako eta Donostia Ospitaleko profesionalek adierazi zutenez, gaixotasun horien ezagutzan aurrera egiten jarraitu ahal izateko, ezinbestekoa da Retina Euskadi Begisare bezalako erakundeek aktiboki parte hartzea, eta eskerrak eman zizkieten ikertzaileengan jarritako konfiantzagatik eta ikerkuntzan aurrera egiteko giltzarri diren baliabideak emateagatik. Halaber, Institutuaren ateak herritarrei irekita daudela islatu nahi izan zuten.