United European Gastroenterology (UEG) erakundearen Zuzendaritza Batzordeak eta bere Batzorde Zientifikoak urtero aukeratzen dituzte Europako 8 – 10 ikertzaile oinarrizko, translazional eta kliniko, etorkizun handienekoak, Rising Star Sariekin bereizteko. 2022ko edizioan, sarituetako bat Pedro Rodrigues doktorea izan da, Ikerbasque ikertzailea Biodonostia OIIan.
Rising Star sariek Europa osoko profesional gazte (40 urtetik beherakoak) eta oso kualifikatuen kalitateko ikerketa-ibilbidea nabarmendu eta aitortzen dute, gastroenterologiaren arloan nazioarteko eragina duten ikerketa garrantzitsuak bideratzeagatik. Era berean, ikertzaile gazte horiek beren ibilbide profesionalean are gehiago eboluzionatu ahal izateko plataforma bat eskaintzen dute. Deialdia oso lehiakorra da, gastroenterologiaren alorrean lider gazte bikainak baititu Europak. Sari banaketa urrian Vienan egingo den UEG Week 2022 Kongresuan egingo da.
Pedro Rodrigues Ikerbasque Research Fellow da, eta Biodonostia OIIren Gaixotasun Hepatikoen Taldeko kidea da, Gaixotasun Hepatikoen eta Gastrointestinalen Arloan. Nazioarteko esperientzia eta aintzatespen zabala du gibel koipetsu ez-alkoholikoaren gaixotasunaren garapenean eta progresioan parte hartzen duten mekanismo molekularren eta zelularren azterketan eta gibeleko tumore primarioen garapenean, kartzinoma hepatozelularra (HCC) eta kolangiokartzinoma (CCA) barne. Bere ikerketa-ildoa oso bideratuta dago diagnostiko goiztiarreko biomarkatzaile berriak eta pazienteen tratamendua hobetzea ahalbidetuko duten diana terapeutiko berriak bilatzera.
Honekin, dagoeneko, Institutuko Gaixotasun Hepatikoak Ikertzeko Taldeko hiru ikertzailek jaso dute sari hau. Lehenago, Jesús Bañales doktoreak jaso zuen 2018ko edizioan, eta Matxus Perugorria doktoreak 2019koan.






