Ileana Quiñones, Biogipuzkoa Osasun Ikerketarako Institutuko Iktus taldeko koarduraduna, garun elebidunetan hizkuntzak non kokatzen diren aztertzen duen lan baten buru izan da. Ikerketa Acta Neurochirurgica nazioarteko aldizkarian argitaratu da.

Non gordetzen dira gure hizkuntzak burmuinean? Galdera horrek burmuin elebiduna ikertzen dutenak intrigatu ditu hainbat hamarkadatan. Zalantza nagusia da ea hizkuntzek garun-espazio bera duten ala bakoitzak bere “lurraldea” duen. Ikerketa asko egin diren arren, emaitzak askotarikoak izan dira: batzuek hizkuntzak burmuinaren eremu berdinetan prozesatzen direla erakusten dute, eta beste batzuek, berriz, hizkuntza bakoitzerako eremu bereiziak aurkitzen dituzte.

Misterio hori ikertzeko oso tresna erabilgarria da esna dagoen pazientearen kirurgietan garunaren zuzeneko estimulazio elektrikoa erabiltzea. Teknika honek hizkuntzaren eremuak denbora errealean lokalizatzeko aukera ematen du. Hala ere, lesio infiltratzaileak daudenean (garuneko tumoreak, adibidez), garunak berrantolatzeko joera du kaltea konpentsatzeko, eta horrek zaildu egiten du hizkuntzaren funtzioak jatorrian non kokatzen ziren zehatz-mehatz jakitea.

Ikerketa berri horretan, euskaraz eta gaztelaniaz elebidunak ziren bi pertsonarekin lan egiteko aukera egon zen, oso trebeak bi hizkuntzetan, eta lesio onberak zituzten ezkerreko lobulu tenporalean. Tumoreak zituzten beste kasu batzuetan ez bezala, garunek ez zuten berrantolaketa hori jasan, eta horrek garunaren antolaketa konplexuaren barruan beren hizkuntzak nola irudikatzen diren argiago ikustea ahalbidetu zuen. Horrela, ikerketa-taldeak bi kasu elebidun horiek aztertu zituen, ezkerreko lobulu tenporalaren eskualde kortikal eta subkortikaletan zentratuz. Emaitzek bi hizkuntzek partekatutako eremuak eta hizkuntza bakoitzarentzako eremu espezifikoak erakutsi zituzten.

Azterketa horri esker, burmuinean hizkuntzak nola antolatzen diren hobeto uler daiteke, batez ere haurtzarotik pertsona elebidunak diren pertsonengan. Hortik eratorritako aurkikuntzek erakusten dute burmuin elebidunean eremu batzuk hizkuntzen artean partekatzen direla, eta beste batzuk, berriz, erabiltzen ari diren hizkuntza-prozesuen arabera espezifikoak direla.

Funtsezkoa da ulertzea hizkuntzak nola antolatzen diren burmuin elebidunean —bai operazioa baino lehenago, bai operazioan—, pertsona batek hizkuntza guztietan hitz egiteko duen gaitasuna ahalik eta gehien zaindu ahal izateko. Horregatik, ikuspegi klinikotik, pertsona bakoitzaren hizkuntzaren eta garunaren berezitasunak kontuan hartuko dituen arreta pertsonalizatua eskaintzearen garrantzia nabarmentzen da.

Lan hau Bilboko Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Neurokirurgia Saileko, Biobizkai OIIko, Basque Center on Cognition, Brain and Language eta Madrilgo Quirónsalud Ospitaleko ikertzaileen arteko sinergiaren emaitza izan da.