Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuko Bularreko Minbizia taldeak, lumeneko bularreko minbizia duten pazienteen kirurgiaren aurreko tratamendu endokrinoaren erantzuna aurreikusteko erabil daitezkeen geneak egon daitezkeela aztertu du. Joanna I. López-Velazco, Sara Manzano, María Otaño, Ainhara Lahuerta, Luis Álvarez, Marta Fernández, Isabel Álvarez-Lopez, María M. Caffarel eta Ander Urruticoechea ikertzaileek parte hartu dute lan honetan eta Translational Oncology nazioarteko aldizkari zientifikoan argitaratu dira lortutako emaitzak.

Lumeneko bularreko minbizia edo estrogenoen mendekoa bularreko minbizi mota nagusia da emakumeen artean, kasuen % 70, gutxi gorabehera. Tratamendu endokrinoa edo hormonala tratamendu sistemikoaren zutabe garrantzitsuenetako bat da, nahiz eta gaur egun ez dagoen biomarkatzaile onik kirurgiaren aurretik emandako tratamendu horren erantzuna ebaluatzeko (tratamendu endokrino neoadjubantea esaten zaiona, alegia). Ondorioz, ikerketa honen helburua biomarkatzaile horiek identifikatzea izan zen, terapia honen onura argia lortzen duten pazienteak erresistentzia goiztiarra dutenetatik bereizteko. Identifikazio horrek, praktika klinikoan tratamendu neoadjubante endokrinoaren erabilera handitzeaz gain, pazienteen kirurgiaren osteko terapia-estrategia hobeto zehazten lagunduko luke. Aurreko artikulu batean, ikerketa-taldeak markatzaile erradiologiko eta patologikoen bilaketa aztertu zuen; bigarren artikulu honek, aldiz, ardatz moduan ditu PAM50 gene-adierazpenaren plataformatik eratorritako biomarkatzaile molekularrak; eta minbiziaren progresiorako garrantzitsuak diren proteinen ebaluazio immunohistokimikoa.

Helburu horiek betetzeko, ikerketa berri honetan kirurgiaren aurreko tratamendu endokrinoari emandako erantzunaren markatzaile esanguratsuak bilatu ziren. Horretarako, hainbat osasun-zentrotako estrogenoen mendeko bularreko minbizia duten pazienteen populazio bat aztertu zen, hainbat ikuspegi molekular erabiliz. Emaitza nagusien arabera, PAM50 plataforman dauden geneen analisia pazienteen laginetan erakusten du tratamendu endokrinoaren aurretik eta ondoren gene batzuen aldaketak tratamenduarekiko erantzun hobearekin erlazionatzen direla, eta ondorioztatzen da pazienteen laginetan egiten den ebaluazioa testuinguru horretako erantzun-markatzaile gisa erabil daitekeela. Plataforma horiek geneak banaka ebaluatzeaz gain, gene guztien adierazpenaren arabera sailkatzen dituzte tumoreak. Adibidez, ikerketa honetan ikusi zen lumeneko A azpimotatik azpimota arruntera aldatzen diren tumoreek erantzun hobeak ematen dizkiotela tratamenduari, lumeneko A azpimotan jarraitzen dutenek baino. Hala ere, ikerketa-taldetik argitzen dutenez, emaitza horiek balioztatu egin behar dira paziente baliokideen beste serie batzuetan.

Hortaz, ikerketa honek ondorioztatzen du kirurgia egin aurretik tratamendu endokrinoa eman zitzaien pazienteen laginetan geneen azterketa (PAM50 bezalako plataforma genetikoen bidez) erabil daitekeela tratamendu horren erantzuna ebaluatzeko. Bularreko minbizia duten pazienteek tratamendu hori jaso dezaketen edo, aitzitik, tratamendu horrekiko erresistentzia goiztiarra duten jakiteko aldez aurreko ebaluazio horrek aukera ematen du terapia-estrategia doitzeko, eta, aldi berean, ikerketari esker prozesu horren bitarteko diren mekanismoak aurki daitezke Gainera, ikerketa honen emaitzak lagungarriak dira tratamendu-eskema hori beste ospitale batzuetan ezartzeko.

Ikerketa honen eragina ebaluatzerako orduan, ez da ahaztu behar bularreko minbizia dela gehien diagnostikatutako minbizietako bat eta lotutako heriotza gehien eragiten dituenetako bat, eta, zehazki, aurrez azpimarratu den bezala, ikerketa honetan aztertutako bularreko minbiziaren azpimota diagnostikatuena dela.

Lan hau egin dugun bitartean, atsegin handiz hartu dugu argitaratutako lehen artikulu baten lan-ildoa jarraitu ahal izatea. Bertan, bularreko minbizia duten pazienteen ezaugarri kliniko nagusiak deskribatzen ditugu, zeinetan tratamendu endokrino neoadjubantea eman baitzitzaien.” ikertzaileek nabarmendu dutenez. Gaineratzen dute “oso pozik gaude ikuspegi zientifiko interesgarria eskaini dezakegulako estrogenoaren mendeko bularreko minbiziaren tratamendu endokrino neoadjubantearen testuinguruan, tratamendu horren aurretik eta ondoren tumoreen lagin pareatuak ebaluatu ahal izanez. Ikerketa honi esker, besteak beste, lagin-banku paregabe bat sortu ahal izan dugu, gaur egun aztertzen ari garena, transkriptomika espaziala bezalako teknika berritzaileen bidez, eta beste maila batzuetan karakterizatu ahal izan ditugu nazioarteko lankidetzei esker. Hori guztia ebidentzia zientifikoa sortzen jarraitzeko, estrogenoen mendeko bularreko minbizia duten pazienteei tratamendu endokrino neoadjubantea emateko oinarriak ezartzen laguntzeko”.

Artikulu hau Carlos III.a Osasun Institutuak (ISCIII), Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Onkologia Medikoko Espainiako Elkartearen Fundazioak (SEOM), Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteak (ISCIII) eta Ikerbasque Fundazioak emandako finantzaketari esker egin zen, besteak beste.

Ikerketa-taldeak aitortu duenez, “oso eskertuta gaude pazienteekin, bere eskuzabaltasunagatik, zintzotasunagatik eta konfiantzagatik. Bai pazienteen elkarteei ere, Katxilin adibidez, gure ikerketarako dirua eman dutenak, bai egunez egun ikerketa-proiektuetan parte hartzen duten paziente guztiei, laginak eta informazio klinikoa emanez. Horiek gabe, ikerketa hau ezin izango zen inoiz egin “. Halaber, nabarmendu dutenez, “ikerketa hau hainbat ospitaleren arteko lankidetzaren emaitza da (Donostiako Unibertsitate Ospitalea, Onkologikoa, Valentziako Ospitale Kliniko Unibertsitarioa, Valentziako Onkologia Institutua, Kataluniako Onkologia Institutua, Madrilgo 12 de Octubre Ospitalea eta Bartzelonako Clinic Ospitalea); beraz, oso eskertuta gaude pazienteak biltzen, laginak lortzen eta horien analisiak egiten parte hartzen duten zerbitzu guztiei. Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu gure ikerketa-taldeko gainerako kideei etengabe laguntzeagatik eta proiektu honetan lortutako emaitzen eztabaida zientifikoan laguntzeagatik.”