Martxoaren 31 Koloneko Minbiziaren Munduko Eguna dela aprobetxatuz, gure ikertzaileengana hurbildu gara gure Institutuan gaixotasun hau nola ikertzen den ulertzeko. Oraingo honetan, Luis Bujanda doktoreangana jo dugu, Gaixotasun Gastrointestinalen taldeko arduraduna, ezagutzeko ikerketa bat zeinak baieztatzen duen koloneko minbiziaren baheketak heriotza-tasa murrizten duen eta, oro har, gaixotasun horren ikerketari buruzko berri izateko.
Biogipuzko OIIko Gaixotasun Hepatiko eta Gastrointestinalen Arloko (Luis Bujanda eta Jesús M. Banales) eta Koloneko Minbizia Bahetzeko Euskadiko Programako (Isabel Portillo) ikertzaileek Euskadin egindako kontrolatutako saiakuntza kliniko handienetako batean parte hartu dute eta Lancet aldizkari ospetsuan argitaratu berri da. Saiakuntza honetan alderatu egin dira bi urtean behin gorotzetan ezkutatutako testak (baheketa-programan erabiltzen dena) eta kolonoskopiak koloneko minbizian hilkortasuna 10 urtera murrizteko duten eraginkortasuna.
Kolon eta ondesteko minbizia da intzidentzia handien duen tumoreetako bat, herrialde garatuetan minbiziak eragindako heriotzen bigarren kausa da eta, Espainian, biriketako minbiziaren ondoren heriotza gehien eragiten dituen tumorea da. 2022an hamaika mila pertsona baino gehiago hil ziren tumore horren ondorioz Espainian, horietatik 700 baino gehiago Euskadin. Izan ere, hiltzen diren pertsona guztietatik, %4,2 kolon eta ondesteko minbiziaren ondorioz hiltzen dira.
Argitaratu berri den ikerketa berritzaile hau 2009. urtean hasi zen, koloneko minbiziaren baheketa-programa ezarri aurreko azterketa pilotu batekin batera. Programa hori 50 eta 69 urte bitarteko pertsona osasuntsuentzat da, gorotzetan ezkutatutako odol-testaren bidez. Ikerketa horri esker, ikusi da 2 urtetik behin egiten den gorotzetan ezkutatutako odolaren bidezko populazio-baheketak koloneko minbiziaren ondoriozko heriotza-tasa jaisten duela, 10 urtetik behin eskaintzen den kolonoskopiaren antzera. Izan ere, 10 urterako heriotza-tasa %78 baino gehiago murriztu zen baheketa-programan parte hartzen zutenen artean. Kolonoskopiak lesioen detekzioan zehaztasun handiagoa badu ere, parte-hartzea txikiagoa da (%40 ezkutuko odolaren taldean eta %32 kolonoskopiaren taldean) eta koloneko minbiziak eragindako heriotza detektatzeko eta saihesteko konplikazio kopurua handiagoa da proba inbaditzaile gehiago behar direlako.
Emaitza horiek lortzeko, 8 autonomia-erkidegotako 53.051 pertsona gonbidatu ziren 2009an, eta 10 urtez jarraipena egin zitzean. Horietatik, 4.708 pertsona gonbidatu ziren Lasarten (Gipuzkoa). Gipuzkoako parte-hartzea azterlaneko altuena izan zen, %60k ezkutuko odolerako gonbidapenak onartu baitzituzten, eta %44k kolonoskopiakoak. Biztanleria horretan, Lasarten, urte hauetan saihestu dira koloneko minbiziak eragindako 13 heriotza eta tratamendu intentsiboak (kirurgia, kimioterapia eta erradioterapia) tumore aurreratuak dituzten 40 pertsona baino gehiagori, horrek dakarren gastua eta sufrimendua arinduz.
Ikerketa honen eragina azpimarragarria da, gorozkietan ezkutatutako odola bezalako proba erraz eta merke batek koloneko minbiziaren hilkortasuna nabarmen murriztu dezakeela zehaztu baitu. Garrantzi handia duen gaixotasuna dela kontuan hartuta, biztanleriaren baheketa mundu osoko herrialdeetan zabaltzeak heriotza eta gastu handiak saihets ditzake. Baheketaren eraginkortasuna testuinguruan kokatzeko, EAEn 1.000 heriotzatik gora saihestu ditu 2009an abian jarri zenetik, eta heriotza-tasa %28 baino gehiago jaitsi da; horri esker, puntu bat jaitsi da heriotza orokorraren ehunekoa. Era berean, EAEko gonbidapenetako parte-hartzea munduko altuenetakoa da, %70etik gorakoa.
Ikerketa hau hainbat erakunde publikok (Osasun Ministerioa, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Aldundia, EITB maratoia), pribatuk (Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea, Kutxaren Gizarte Ekintza) edo Luis Bujanda doktorearen ikerketa-taldearen funts propioek (CIBERen bidez emandakoak) finantzatu dute. Finantziazio horri esker, Gipuzkoan egindako 1.200 kolonoskopia baino gehiago ordaintzea lortu da, Onkologikoa edo Poliklinika Gipuzkoa Institutuaren laguntzarekin. Azkenik, ikerketa-taldeak nabarmendu du 15 urte baino gehiago hauetan ikerketa honetan parte hartu zuten eta eskuzabaltasunez parte hartu zuten pertsona guztien lankidetza, hala nola Koloneko Minbiziaren Baheketa Programa Euskal Autonomia Erkidegoan, Donostia Unibertsitate Ospitalea, Lasarte-Oriako Osasun Zentroa, administrazioko langileak, laguntzaileak, erizainak eta baita medikuntzako ikasleak ere, denboraren zati bat helburu horrekin eskeini baitute.
Beste ikerketa-ildo batzuk
Lan hau Bujanda doktorearen taldeak kolon eta ondesteko minbizian ikertzen duen alderdietako bat da. Gainera, gaur egun, biomarkatzaile berriak bilatzen ari dira koloneko minbiziaren eta tumoreak garatu aurretik sortzen diren lesioen diagnostikorako, bai serumean, bai gorozkietan; halaber, arrisku ertaina duten biztanleen baheketa-programetan erabiltzeko diagnosi-metodoak aztertzen ari dira. Era berean, zehazten saiatzen dira polipo edo adenoma aurreratuak dituzten pazienteen kolonoskopien arteko arteko tarterik egokienak eta aurkitzen horren inbaditzaileak ez diren beste diagnosi-metodoak. Itxurazko kausarik ez duten sindrome hereditarioen jatorria ere bilatzen dute, hala nola poliposis zerratuaren sindromean.
Ikerketa hauek funtsezkoa dira koloneko minbiziaren garapena saihesteko, lesio goiztiarrak detektatuz eta kenduz, eta sahieztuz gaixotasun horrek eragindako heriotzak eta tratamendu agresiboen erabilera, hala nola kirurgia eta kimioterapia. Era berean, ikerketaren bidez, beharrezkoak ez diren kolonoskopiak eta lotutako konplikazioak saihestu daitezke, hala nola, heste-zulaketa. Bestalde, baheketen bidez, sindrome hereditarioak dituzten sintomarik gabeko pertsonak identifika daitezke. Azkenik, ikuspegi ekonomiko eta sozialetik, detekzio goiztiarrak eta lesioak garbitzeak edo ezabatzeak laneko bajak murriztea dakar, eta horiek, bestela, luzeagoak izango lirateke.
Bujanda dokotoreak onartzen du “Ikerketa-jardueraren atzean sentimendu bikoitza dagoela uste dugu, gizartearekiko konpromisoa eta harrotasun pertsonala.“. Azaltzen du “Alde batetik, gure prestakuntzara bideratu diren baliabideen zati bat emaitza gisa itzultzeko ahalegina dago. Bestetik, harrotasun pertsonala hainbat arrazoirengatik, hala nola gaixotasun horri lotutako heriotzak saihestu ahal izatea, ikerketa-jarduerarako baliabideak erakartzeko gai izatea, jarduera horretan enplegua sortzea eta prestigioa sortzea hainbat esparrutan: gure Ospitalean, ikerketa-zentroetan, hirian, lurraldean eta komunitatean.“






