Ainhoa Bereziartua Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuko Osasun Publikoa eta Ingurumen Epidemiologia Taldeko ikertzaileak eta Utrechteko Unibertsitateko (Holanda) Institute for Risk Assessment Sciences (IRAS) erakundeko ikertzaileek klima-aldaketak laboreetako mikotoxinen kutsaduran duen eraginari buruz dagoen ezagutza bildu dute. Berrikuspen hori toxins nazioarteko aldizkari zientifikoan argitaratu da.
Mikotoxinek eragindako kutsadura, batez ere aflatoxinek eragindakoa, gero eta erronka handiagoa da elikagaien eta pentsuen segurtasunerako Europan eta munduan. Aspergillus generoko onddoek eragindako toxina horiek oso arriskutsuak dira osasunerako, eta gibeleko minbiziarekin, immunitate-sistemako alterazioekin eta haurren garapeneko arazoekin lotzen dira. Nahiz eta nekazaritza- eta biltegiratze-jardunbide egokiek Europako arriskuak murriztu dituzten historikoki, klima-aldaketak baldintza hobeak sortzen ditu toxina horiek uzta bildu aurretik ager daitezen, baita lehen ohikoak ez ziren eskualdeetan ere. Hori erronka bat da bai osasunarentzat bai nekazaritza-ekonomiarentzat, eta beharrezkoa da aurreratzea eta ulertzea ingurumen-faktoreek nola eragiten duten laboreen kutsaduran.
Premia horri aurre egiteko, aterki-berrikuspen bat egin da, eta bertan bildu eta aztertu da Europan aflatoxinek eragindako uzta bildu aurreko kutsadurari buruz dagoen ikerketa, klima-aldaketako agertokiak kontuan izanda. Berrikuspenak ebaluatzen du zer dakigun, zer informazio falta den, zein labore eta eskualdetan zentratzen diren ikerketak eta nola aurkezten diren datuak. Ezagutza hori sintetizatzean, ikerketen arteko konparazioa errazten da, datu-base homogeneoagoak sortzen dira, eta prebentzio goiztiarra eta elikadura-segurtasuneko politiketan erabakiak hartzen laguntzen duten tresna zientifikoak garatzen dira.
Bilduma honen gauzarik deigarriena izan da klimaren aldaketek — bero handiagoa, lehorteak eta euri-patroien aldaketak — gero eta gehiago bultzatzen dutela aflatoxinak sortzen dituzten onddoen hazkundea Europan. Horrek laboreetan uzta bildu aurretik kutsatzeko arriskua areagotzen du, batez ere artoan, eta elikagaien segurtasunerako eta nekazaritzaren egonkortasunerako mehatxua da. Ikusi da, halaber, azterketek ez dituztela beti metodo berak erabiltzen, eta ez dituztela datuak modu konparagarrian aurkezten, eta horrek zaildu egiten du ikuspegi argia eta orokorra izatea. Bestela esanda: badakigu arazoa hazten ari dela eta klimak funtsezko zeregina duela, baina oraindik ere datu homogeneoagoak eta herrialdeen artean koordinatuagoak behar dira.
Egileen ondorio nagusia da klima-aldaketa areagotu egiten ari dela aflatoxinen arriskua Europako laboreetan, eta estandarizazio-hutsuneak daudela, arriskua ondo ebaluatzea eta egokitzea oztopatzen dutenak. Horri aurre egiteko, funtsezkoa da metodologiak estandarizatzea eta datuetarako sarbidea hobetzea, herrialdeen eta eskualdeen artean konparagarriak izan daitezen. Horrek aukera emango luke iragarpen-ereduak hobetzeko eta prebentzio-estrategia eraginkorragoak diseinatzeko. Horrela, arriskuak hobeto aurreratu ahal izango dira eta nekazariei zein agintariei elikagaien osasuna eta segurtasuna babesteko erabakiak hartzen lagundu ahal izango zaie.






