Sariak familiako medikuntzaren arloan egindako ikerketa-ibilbidea aintzatesten du

Familia eta Komunitate Medikuntzako Espainiako Elkarteak (semFYC) azaroaren 13tik 15era egin du XLV. Kongresua Madrilgo Kongresuen Udal Jauregian, “Ura, horma eta sua gara: Familia eta Komunitateko Medikuntza gara” lelopean.

Amaierako ekitaldian semFYC 2025 Sariak banatu ziren, espezialitateko hainbat profesionalek egin duten aparteko lana aitortzeko. Sari horiek eskertzeko eta nabarmentzeko modu bat izan dira Familiako eta Komunitateko Medikuntza garatzen eta indartzen nabarmen laguntzen dutenei, irakaskuntzan, ikerketan, berrikuntzan eta ibilbide profesionalean, besteak beste.

Sarituen artean, Itziar Vergara doktoreak, Biogipuzkoa OIIko Zuzendari Zientifikoa eta zentroko Lehen Mailako Arretako Taldearen arduradunak, Ikerketa Lanaren Saria jaso zuen, Familiako Medikuntzari aplikatutako ikerketan egindako lan nekaezinagatik. Lan horren eragina funtsezkoa izan da Lehen Mailako Arreta hobetzeko. “Oso pozik, eskertuta eta hunkituta nago” aitortu du saridunak saria jasotzean. “Osakidetzak eta Biogipuzkoak hasiera-hasieratik lehen mailako arretan egindako ikerketari emandako babesari, Institutuko Lehen Mailako Arretako Taldeari eta Gipuzkoako LMA eta ESIetako Unitateari esker jaso dut aitortza hau”, gaineratu du.

Vergara doktorearen iritziz, “lehen mailako arretako ikerketak hiru ezaugarri ditu: hobetzeko grina, begirada kritikoa eta sareko lana. Hiru ezaugarri horiek aktibatuta, profesional onak, talde kohesionatuak eta ezagutza berria lortzen dira, lehen mailako arretan sortzen diren galderengatik ez balitz, inoiz existituko ez litzatekeena “.

Beste ikerketa mota batzuekin lotu daitekeen sofistikaziotik urrun, pazienteei eta haien familiei ematen zaien arreta hobetzeko gaitasun handia du ikerketa honek, eta horrek eragina du gizartean.

Itziar Vergarari buruz

Itziar Vergara doktorea Medikuntza eta Kirurgian lizentziaduna da, eta Familia eta Komunitateko Medikuntzan espezialista. Estatu Batuetara joan zen Kaliforniako Unibertsitatean (Berkeley) Osasun Publikoko masterra egitera. Prestakuntza garaia amaituta, Euskadira itzuli eta Osakidetzan hasi zen lanean, familiako mediku gisa. 2016an Medikuntzan doktoratu zen EHUn, adineko pertsonen aldakako eta eskumuturreko hausturei buruzko lan batekin.

2011n, Gipuzkoako lurraldean Lehen Mailako Arretako Ikerketa Unitatea abian jartzeko ardura hartu zuen, eta 2022ko urrian, Biogipuzkoa OIIko Zuzendaritza Zientifikoa hartu zuen. Lehen mailako arretaren arloan, Espainian akreditatutako institutu bateko zuzendaritza zientifikoa lortzen zuen lehen profesionala izan zen. Gaur egun, erantzukizun horrekin jarraitzen du.

Gainera, Lehen Mailako Arretako Taldeko arduraduna da Biogipuzkoan. Bere ikerketa-ildoa lehen mailako arretan zahartzea aztertzea da. Urte hauetan 75 artikulu baino gehiago argitaratu ditu, 22 ikerketa-proiektu gidatu ditu eta hauskortasunaren diagnostikoarekin lotutako bi patenteren asmatzailea ere bada. Horietako bat duela gutxi lizentziatu dute biozientzien eta osasunaren arloko euskal enpresa batean. Ikastaro eta kongresu ugaritako irakaslea izan da. Gainera, aipatzekoa da zientzia gizartean zabaltzeko eta herritarrek zientzian parte hartzeko egiten duten lana.

Biogipuzkoako ordezkaritza zabala kongresuan

Gainera, Estibaliz Gamboak, erizaina eta Gipuzkoako LMAko eta ESIetako Ikerketa Unitateko kidea denak, ikerketa-proiektu onenaren saria lortu zuen ” Prevención cardiovascular personalizada en la mujer perimenopáusica: un enfoque multimodal en atención primaria” lanari esker.

Bestalde, Marian Gutiérrez Altzako osasun-zentroko familia-medikuak eta LMko ikerketa-taldeko kideak “Impacto de una intervención multidisciplinar en la mejora de la fragilidad” izeneko posterra aurkeztu zuen, eta Rafa Rotaeche familia-medikuak eta LMAko ikerketa-taldeko kideak “Atención sanitaria basada en la evidencia: empecemos por la longitunalidad” lanaren aurkezpenarekin parte hartu zuen eguneraketen inguruko mahaian.

SemFYCari buruz

SemFYCek Espainian dauden 17 Familia eta Komunitateko Medikuntza Elkarteak batzen ditu, eta 22.000 espezialista baino gehiago biltzen ditu familia-medikuntzan. SemFYC sendotuz joan da, eta elkarte zientifiko liderra bihurtu da osasun-munduan, Familia Medikuntzaren eta Lehen Mailako Arretaren erreferente, argitalpen, programa, ikastaro eta jarduera eskaintza handiarekin.

Argazki galeria