Gure lankide den Irene Santosek Marie Skłodowska-Curie dirulaguntza ospetsua lortu du, eta horri esker NeuroEDIT proiektua egingo du. Berri bikain hau Irenerekin ospatzeko, bertatik bertara jakin nahi izan ditugu bere inpresioak.
Zer nabarmenduko zenuke zure ibilbideaz, Marie Skłodowska-Curie bat lortzea ahalbidetu dizuna?
Esango nuke saiatzeak eta burugogorra izateak ekarri nautela honaino. 2021ean tesia defendatu nuenetik akademian zientzia egiten jarraitu nahi izan dut, nahiz eta ez den biderik errazena, a priori behintzat. Nire lehen postdok-a egitera joan nintzen Osloko Unibertsitatera Jens Pahnke irakaslearen taldean, eta horrek erakutsi zidan baliatzen nire kabuz maila zientifikoan eta erabaki independenteagoak hartzen. Gero, zalantzazko aldi baten ondoren, itzuli nahi izan nuen eta etxean zientziarekin harremanak izan, eta orduan egin nuen topo Lorea Blázquez eta NeuroRNA Lab-ekin. Berak jakin izan du nire konfort-eremutik ateratzen eta brainstorming ariketa bat egitera animatzen, beste egoera batean inoiz planteatuko ez nukeena. Horregatik, nire postdok-a Oslon uztea eta gai berri bat duen talde batean hutsetik hastea, pertsona konprometitu eta prestatuekin, nire lankide guztiak bezala, funtsezkoa izan da eroso sentitu eta NeuroEDIT gauza nezakeela jakiteko.
Zer proiektu garatuko duzu laguntza horri esker?
NeuroEDIT oinarrizko zientzia proiektu bat da Life Sciences (bizitzaren zientziak) panelaren barruan, eta bere azken helburua da TDP-43 proteinopatia gisa ezagutzen diren patologien taldeari lotutako mekanismoetan sakontzea. Horien artean, AEA edo dementzia frontotporala (DFT) nabarmendu behar dira. RNA-editing-a ikertzeari ekingo diot, ADAR entzima-familiak egindako RNAren transkripzio osteko aldaketa-mekanismo bat dena. NeuroEDITen hipotesia da ADAR2/3 entzimek bultzatutako nerbio-sistema zentraleko RNA-editing-aren erregulazioa garrantzitsua dela AEAri eta DFTri lotutako prozesu neurodegeneratiboan. Erregulazio hori TDP-43k ADAR entzimen adierazpenean, prozesamenduan eta lokalizazio zelularrean egiten duen zuzeneko kontrolaren bidez gauzatzen da. Entzima horiek aldaketak eragin ditzakete neuronen editoman eta, horiekin batera, aldaketak bizirauteko ezinbestekoak diren bideetan. Aldaketa horiek kontuan hartuta, zentzun aurkako RNA estrategiak diseinatuko ditut editomako aldaketa garrantzitsuenak zuzentzeko, eta hori abiapuntu izango da RNAn oinarritutako ikuspegi terapeutikoak garatzeko AEAren eta DFTren testuinguruan.
Zer sentitzen da halako aitortza jasotzean?
Batzuetan oraindik sinestea kostatzen zaidala kontuan hartuta (uste dut inpostaren sindromea beste emakume zientzialari askori bezala atzetik dabilkidala), dirulaguntza hau lortu izana funtsezko mugarria da nire karrera zientifikoan. Ez bakarrik proiektu oso anbiziotsu eta berritzaile bat egiteko aukera izango duelako, baita ikerketa-ildo propio baten hasiera delako ere, etorkizunean ez oso urrun egongo den zerbait handiagoaren hazia izatea espero dudana. Maila pertsonalean, eta duela urte batzuetako Irene gogoan, bultzada bat dela sinetsi nahi dut, eta, bidean zulo asko egon diren arren eta dena uzteko gogoa egon den arren, merezi izan du honaino iristeak.





