Irailaren 16an, Tabakalerak, DIPCk eta Biogipuzkoak “Datuak x Osasuna” ekitaldia egin genuen Tabakaleran. Jardunaldiaren helburua zientzia- eta berrikuntza-aukerak, arrakasta-kasuak eta osasun-datuen bigarren mailako erabilerak sortzen dituen erronka etikoak aztertzea izan zen. Horrela, herritarren, osasun-profesionalen eta ikertzaileen arteko topagune bat sortu nahi zen, galdera eta kezka sozialei erantzuteko eta, aldi berean, erakusteko osasun-arretaren etorkizuna eraldatzeko osasun- ikerketa eta berrikuntza datuekin nola elikatzen diren.

Jardunaldia Clara Monterok (Tabakalerako Kultur Zuzendariak) aurkeztu zuen, ongietorria emanez eta topaketa testuinguruan kokatuz. Ondoren, hitzaldi inspiratzaileak izan ziren, osasun-datuen bigarren mailako erabileraren funtsezko alderdiak herritarrekin partekatzeko balio izan zutenak. Lehenik, Gorka Epeldek (Biogipuzkoako datuen koordinatzailea), “Datu klinikotik osasun-ikerketara” izeneko hitzaldian, osasun-datu motak azaldu zituen, baita osasun-sistema hobetzeko nola erabil daitezkeen eta zein esparrutan erabiltzen ari diren ere. Ondoren, Begoña Peñak (EHUko irakaslea eta ikertzailea), erabiltzaileen azalean jarriz, galderen bidez, osasun-datuen erabileran dauden erregulazio-esparruak, eskubideak eta babesak azaldu zituen, “Etika, Herritarrak eta Osasun Datuen Gobernantza” hitzaldian. Azkenik, Pablo Rey Mazónek (Montera34, Basurama, Data Commons Lab), “Datuen herritarren erabilera (eta zaintza)” konferentziaren bidez, datuen erabilerari buruzko esperientziak aurkeztu zituen, beren erabilerraztasunaren eta erabilgarritasunaren arabera, eta nabarmendu zuen askotan daturik interesgarrienak edo lortzeko zailak direla edo ez direla osoak.

Jardunaldiaren bigarren zatian, “Osasun datuak Gipuzkoan: aukerak, erronkak eta konpromisoak” izeneko mahai-ingurua egin zen. Olatz Arrizabalagak (Biogipuzkoako Estrategia eta Inpaktuaren zuzendaria) gidatua, Maite Martínez Zabaletak (Donostialdeko ESIko zuzendari gerentea), Iñigo Olaizolak (Donostiako Sustapeneko zuzendari gerentea), Esther Pagueyk (BIC Gipuzkoako Proiektu zuzendaria) eta Txomin Romerok (DIPCko Superkonputazio Zentroko zuzendaria) beren begiradak azaldu zituzten. Mahaikideen esanetan, datuak eta osasuna gizartearen funtsezko zutabea dira, eta Donostiak eta Gipuzkoak ekosistema aberatsa dute berrikuntzan, gaitasunetan eta hori gauzatzeko talentuan. Halaber, adimen artifizialeko ereduak prestatzeko datu asko behar direnez, osasun-datuak balio handikoak direla azaldu zuten, nahiz eta datuak gordetzea erronka teknologikoa izan. Gainera, nabarmendu zuten bigarren mailako osasun-datuen erabilera aukera bikaina dela osasun-sistema bere erronkei aurre egiteko prestatzeko, betiere jasangarria bada eta berrikuntza horiek modu eraginkor eta koherentean integratzen badira. Horretarako, eragileen arteko lankidetza arinagoa beharko dela nabarmendu zuten, bereziki herritarrena, haien konfiantza eta babesa behar baita bide horretan.

Jardunaldia amaitzeko, Tabakalerako Z Aretora hurbildu zen jendeak bere ekarpenak egin zituen eta bere ikuspuntua eman zuen, osasun arloko datuen bigarren mailako erabilerari buruzko eztabaida aberasteko balio izan zuena, adibidez, datuaren kalitatea, azalpen argiagoen beharra eta administraziotik egin daitekeen ekarpena bezalako gaietan.

Agustin Erkiziak (Donostiako Udaleko Zientzia eta Ezagutzaren koordinatzailea) itxi eta laburbildu zuen ekitaldia, eta erronka gisa jarri zuen ekosistema zientifiko-teknikoaren eta herritarren arteko harremana erraztuko duten sistemak abian jartzea.

Jardunaldi honek Donostiako eta Gipuzkoako gizarteari gai honen berri emateko balio izan zuen. Izan ere, gai hau funtsezkoa da ikerketa sanitarioaren etorkizunean, haren garapena herritarrekin batera egin ahal izateko. Espero dugu hau izatea bide interesgarri honetako lehen urratsa, hainbat arlotako eragileekin batera.