Maiatzaren 19an Hesteetako Hanturazko Gaixotasunaren Munduko Eguna ospatzen da. Efemeride hori kontuan hartuta, Luis Bujanda Gaixotasun Gastrointestinalen taldeko arduradunarekin hitz egin dugu, Biogipuzkoan gaixotasun horren inguruan egiten den ikerketa ezagutzeko.

Hesteetako hanturazko gaixotasunaren zer alderdi ikertzen ari zarete?

Hainbat ikerketa-ildo lantzen ari gara, gaixotasun hori hobeto ezagutzeko eta, horrela, tratamendua hobetzeko. Alde batetik, botiken erantzuna eta tratamendu horien ondorioak epe luzera iragartzeko baliagarriak izan daitezkeen faktoreak bilatzen ari gara. Gainera, farmako horiek haurdunaldian izan dezaketen eragina ikertzen ari gara. Bestalde, gaixotasunaren agerpena baldintzatzen duten ingurumen-faktoreak eta faktore dietetikoak aztertzeko ildoak ditugu, baita epe luzera gaixotasunaren bilakaera aurreikusteko ere. Azkenik, biomarkatzaile berriak bilatzeko interes handia dugu, diagnostikoa hobetzeko eta balio dezaketean Crohn-en Gaixotasuna eta Ultzeradun Kolitisa bereizteko, gaixotasunaren bi azpimota handienak bereizteko, hain zuzen ere.

Zertan hobetu dezakete ikerketa horiek pertsonen bizi-kalitatea?

Adibidez, tratamenduei emandako erantzunaren eta epe luzera izan dezaketen eraginaren kasuan, biak aurreikusteko balio duten faktoreak ezagututa, paziente bakoitzarentzat ahalik eta azkarren eman daiteke tratamendurik egokiena. Horri esker, gaixotasunaren agerraldiak gutxitu daitezke, eta, beraz, hesteetako hanturazko gaixotasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetu.

Zer sentitzen duzue horrelako ikerketak egitean?

Kontuan hartuta garatzen ari garen ikerketa-ildoen helburua dela gaixotasunaren diagnostikoa eta maneiua hobetzea, gogobetetze pertsonal handia da modu apal horretan hesteetako hanturazko gaixotasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzea.