Biodonostia OIIko Gaixotasun Hepatiko eta Gastrointestinalen Arloko Luis Bujanda eta Koldo García ikertzaileak, Hospital General de Tomelloso-ko, Ikerbasque-ko eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileekin batera, esofagitis eosinofilikoaren diagnostikoa errazten duen metodo ez inbaditzaile bat garatu dute. Esofagoaren hantura kronikoa eragiten duen gaixotasun honi buruzko lana “Clinical Gastroenterology and Hepatology” prestigiodun aldizkarian argitaratu da, Gastroenterologia arloko hamar aldizkari zientifiko onenen artean kokatzen den aldizkarian, hain zuzen ere.

Esofagitis eosinofilikoak berezkoa duen hanturaren jatorria da eosinofiloak (globulu zuri mota bat) mukosan infiltratzen direla, eta horrek irensteko zailtasunak sortzen ditu. Orain arte, bere diagnostikoa egiten zen esofagoko alde ezberdinetan hartutako hainbat biopsia erabilita. Test ez inbaditzaileen garapenaren asmoa da pazienteei eragindako eragozpenak murriztea eta bere diagnostikoa erraztea, gehiago jakinda bere prebalentzia handitzen doala, esofagitis eosinofilikoa gaixotasun arraro bat bada ere.

Kontuan izanda ahoko mukosa esofagotik gertu dagoela eta ahotik laginak eskuratzea erraza dela, metodo berri honi esker diagnostikorako erabilgarriak diren biomarkatzaileak aurkitzea posible izan liteke.

Biomarkatzaile horiek aurkitzeko egindako ikerketa-lanean, esofagitis eosinofilikoan eragin dezaketen 68 gene aukeratu ziren eta bere aktibitatea aztertu zen gaixoetan, gaixotasunaren arintzea zuten pertsonetan eta kontrol osasuntsuetan, Hospital General de Tomelloso-n eta Donostiako Unibertsitate Ospitalean bildutakoak. 68 gene horietatik, 29 ahoko laginetan detekta zitezkeen eta horietako zortzik biomarkatzaileak izateko gaitasuna izan zezaketen. Hortaz, gene horiek gaixo gehiagotan aztertu ziren eta horietatik hiruk izan zuten aktibitatearen ezberdintasuna gaixo eta kontrol osasuntsuen artean. Aurresateko gaitasun altua erakutsi zuen hiru gene horien erabilerak, altuagoa zena datu klinikoak gehituta.

Lanaren egileek espero dute emaitza itxaropentsu hauek esofagitis eosinofilikoaren diagnostikoa errazteko oinarria izatea, test inbaditzaileen kopurua murriztuta. Etorkizunean, lan berriak beharko dira lortutako emaitzak berresteko eta aztertzeko test honen erabilera esofagitis eosinofilikoa esofagoko beste gaixotasun batzuetatik ezberdintzeko.

Artikulua

A novel, non-invasive method to diagnose active eosinophilic esophagitis, combining clinical data and oral cavity RNA levels. Maialen Sebastian-delaCruz, Koldo Garcia-Etxebarria, Jose Ramón Bilbao, Alfredo J Lucendo, Luis Bujanda, Ainara Castellanos-Rubio. Clinical Gastroenterology and Hepatology, in press. DOI:https://doi.org/10.1016/j.cgh.2023.07.023