Gure erkidegoko biztanleen erdiak baino gehiagok dute obesitatea eta gehiegizko pisua. Gehiegizko pisuak aldaketa garrantzitsuak eragiten ditu organismoan; besteak beste, funtzionamendu hepatikoa eragiten du. Gibelean metatzen den gantzak esteatosi hepatikoa eragiten du eta, kasu batzuetan, hantura, fibrosia eta, azkenik, zirrosia gertatzen da.
Biopsia hepatikoa izan da, orain arte, gantz hepatikoa kuantifikatzeko metodorik fidagarriena. Irudi-tekniken bitartez, sabeleko ekografiaren bitartez, adibidez, gantza detektatzen da, baina zehaztasuna falta da gantza kuantifikatzeko orduan. Azterlan honen arabera, erresonantzia magnetikoa metodo ona da gibelean gantzak detektatu eta kuantifikatzeko; biopsia hepatikoa baino hobea da.
Ondorio horietara iritsi dira azterlanean, kirurgia eginda zuten 97 paziente obeso eta beste patologia hepatiko bat zuten 32 paziente aztertu eta gero. Gibeleko gantz-kantitatea neurtu zen, hiru metodo desberdin alderatuta; erresonantzia magnetikoa, biopsia hepatikoa eta Folch metodoaren bitartez gantzaren biokimikaren zehaztapena. Kirurgia egin aurreko egunean erresonantzia magnetikoa egin zitzaien pazienteei eta gibelaren lagin bat hartu zen ebakuntza kirurgikoa egitean.
Bujanda doktorearen ikerketa-taldeak egin du azterlana (bera da IIS Biodonostiako Gaixotasun Hepatiko eta Gastrointestinalen Arloko arduraduna) eta Jesús Bañales eta Raúl Jimenez doktoreak arduratu dira koordinazio-lanez. Era berean, proiektuan parte hartu dute Donostia Unibertsitate Ospitaleko Kirurgia, Digestio Aparatu eta Anatomia Patologikoko Zerbitzuek, Osatek-ek eta Gasteizko Farmazia Fakultateko Nutrizio Zerbitzuak.
Espezialitateko aldizkari garrantzitsuenetako bat den BMC Medicine aldizkarian argitaratu dute azterlana. Ikerketa-talde berak duela urtebete argitaratutako ikerketa-lan baten emaitzak berretsi egiten dira azterlan honetan. Hain zuzen ere, aldi hartan, animalien kasuan erresonantzia magnetikoaren bitartez gantz hepatikoa zehaztasun handiz kuantifika zitekeela egiaztatu zen.





