Maiatzaren 30ean Esklerosi Anizkoitzaren Munduko Eguna dela eta, gaixotasun honetan gure Institutuan egiten den ikerketa ezagutu nahi dugu. Horretarako, Neuroimmunologia Taldeko gure lankideekin hitz egin dugu, Esklerosi Anizkoitzaren ikerketan egiten duten lana ezagutzeko.
Esklerosi anizkoitzaren zer alderdi lantzen dituzue?
Gure helburua gaixotasuna hobeto ulertzea da, eta, beraz, hainbat lerrotatik heltzen diogu; immunitate-sistema geneen bidez nola erregulatzen den aztertzen dugu, mikrobiotak eta haren modulazioak esklerosiarekin duten zerikusia, zelulak nola komunikatzen diren haien artean zelulaz kanpoko besikulak aztertuz, immunitate- sistemaren zahartzearen eta gaixotasunaren arteko harremana ulertzearen garrantzia aztertzen dugu, eta lesioak berriz mielinizatzeko aukerak ere aztertzen ditugu. Gainera, kolesterolaren metabolismoak gaixotasunean duen eragina aztertzen dugu, eta zenbait saiakuntza klinikotan parte hartzen dugu.
Zertan hobetu dezakete ikerketa horiek pertsonen bizi-kalitatea?
Gure ikerketek gaixotasunaren alderdi terapeutikoa hobetzen lagun dezakete, biomarkatzaile berriekin eta immunitate-sistemaren zahartzearen ezagutza erabaki terapeutikoan txertatuz. Mikrobiota-lerroak eragina izan dezake pazienteen bizi-kalitatean, eta hura aldatzen lagundu dietaren edo probiotikoen bidez. Berriz mielinizatzeko terapiak oso fase goiztiarretan daude, baina etorkizunerako bide bat ireki dezakete. Saiakuntza klinikoek berehalako inpaktua dute farmakoak eskuratzearekin edo horien erabilera monitorizatzearekin
Zer sentitzen duzue horrelako ikerketak egitean?
Ikertzea bokaziozko prozesu bat da, zeinean esklerosi anizkoitza duten pertsonei eta gizarteari gure aletxoarekin lagundu ahal izateko motibazioa nagusitzen den. Nahiz eta batzuetan etsigarria izan daitekeen emaitza faltagatik edo ikerketa-karreraren berezko ezegonkortasunagatik, oso gogobetegarria da zerbait eman dezakegunean edo esklerosi anizkoitza duten pertsonekin elkarreragiten dugunean eta gure ikerketa-ildoak azaltzen ditugunean.





