ESIDeko eta Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuko profesional guztien lankidetzak, parte-hartzeak eta inplikazioak ahalbidetu dute lorpen hori.

Abenduaren 17an, Kudeaketa Aurreratuan Euskadiko A-Sariak emateko gala egin zen Donostiako Kursaalen, eta erkidego mailan saritutako erakundeetako ordezkariak bildu ziren bertan.

Maite Martínez Donostialdea ESIko zuzendari gerenteak Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria jaso zuen, Berrikuntza Elementuan, Lore Bilbao Osakidetzako zuzendariaren eskutik.

Ekitaldi horretan bertan, Euskaliteko patronatuko lehendakari Jose Luis Diazek Biogipuzkoako Terapia Aurreratuak eta medikuntza pertsonalizatuko Arloko arduraduna Ander Izetari Txapela saria eman zion, Berrikuntza osasun-sektorean kategorian, Donostialdea ESIk eta Biogipuzkoa OIIk terapia aurreratuekin egindako lanagatik. Terapia horiek tratamendu pertsonalizatuetara eta eraginkorretara bideratutako berrikuntza eraldatzailean gauzatzen dira.

Donostialdea ESIak Kudeaketa Aurreratuan Euskadiko A-Saria eskuratu du Berrikuntzaren elementuan, bere kudeaketa-eredu integralagatik, estrategiatik emaitzetaraino. Sari hau erakundeak garatutako jardunbide egokien eta kudeaketa-tresnen multzoaren aintzatespen gorena da. Gainera, ereduko elementuren baten kudeaketa-praktiketan aurreratuen dauden erakundeak aintzatesten ditu.

Lorpen hori erakundeko eta Biogipuzkoako OIIko profesional guztien lankidetzari, parte-hartzeari eta inplikazioari esker lortu da. ESIDek eta Biogipuzkoak egitura-aliantza bat dute aspaldidanik, lankidetza estrategiko bat, eta, horri esker, ekosistema sendo, dinamiko eta osasun-berrikuntzan oso espezializatua dagoena finkatu ahal izan da. Aliantza horrek modu eraginkorrean egituratzen ditu asistentzia-, zientzia- eta teknologia-eremuak, eta ingurune egokia sortzen du osasunean balioa sortzeko eta osasun-arreta eraldatzeko, erakundeen arteko lankidetzaren ikuspegitik.

Sari horren bidez, Donostialdea ESIk berretsi egiten du bere jardueraren ardatz estrategiko gisa berrikuntzarekin duen konpromisoa, eta, horretarako, antolaketa-modu berriak, prozesuen digitalizazioa eta asistentzia-kalitatea eta pazienteen nahiz profesionalen esperientzia hobetzen duten soluzio teknologikoak bultzatzen ditu.

Donostialdea ESIko eta Biogipuzkoako profesional-talde handi batek babesa eman zien biei aintzatespen-ekitaldi honetan.

Berrikuntzaren Kudeaketa Ereduaren Saria

Eusko Jaurlaritzak ematen ditu aitorpen horiek, eta beren kudeaketa-praktiketan garapen eta aurrerapen handia erakusten duten Euskadiko enpresa, ikastetxe, osasun-erakunde eta bestelako erakundeei ematen zaizkie. Euskalit da bere administrazioaz arduratzen den erakundea.

Sari horien helburua da, batetik, kudeaketan aurreratuen dauden erakundeak identifikatzea, beste erakunde batzuen pizgarri eta erreferentzia izan daitezen, eta, bestetik, beren kudeaketa-sisteman egindako ahalegina eta lortutako heldutasun-maila publikoki aitortzea.