Gaixotasun Kronikoen eta Transmitigarrien Epidemiologiako taldeak zenbait ikerketatan parte hartu du, eta dietako patroiak (Mendebaldekoa, Zuhurra eta Mediterraneoa) bularreko minbizia, kolon-ondesteko minbizia eta prostatako minbizia izateko arriskuari dagokionez duen eragina aztertu dute. Talde horretako Pilar Amiano eta Ane Dorronsoro ikertzaileek parte hartu duten lan horiek Maturitas, Nutrients eta British Journal of Urology nazioarteko zientzia-aldizkarietan argitaratu dira, hurrenez hurren.

Aipatutako ikerketen emaitzak EPIC-Espainia kohortean oinarritzen dira. Kohorte hori 1992tik 1996ra bitartean bildu zen, eta, besteak beste, datu antropometrikoak, soziodemografikoak, jarduera fisikoari, dietari, alkohol- eta tabako-kontsumoari buruzkoak jaso ziren, 41.000 lagunetik gorakoak; eta pertsona horiei segimendua egin zaie.

Kohorte horretako datuak erabiliz, bularreko minbizia, kolon-ondesteko minbizia eta prostatako minbizia garatu zuten pertsonak aukeratu ziren, eta dietak izan zezakeen eragina aztertu zen. Bularreko minbiziari dagokionez, ikusi zen Mendebaldeko dietaren patroiak arriskua areagotu zezakeela. Kolon-ondesteko minbiziaren kasuan, Mendebaldeko dietak eragin kaltegarri txiki bat izan zezakeen, eta Mediterraneoko dietak, aldiz, eragin babeslea. Azkenik, prostatako minbiziari dagokionez, Mendebaldeko dietak ere arrisku handiagoa erakutsi zuen.

Emaitza horiek berretsi egiten dute nutrizio-gomendioek kontuan hartu behar dituztela dietaren eredu orokorrak, elikagai indibidualak baino gehiago, eta berresten dute Mendebaldeko dieta-eredutik aldentzen diren ohitura dietetikoak hartzeak bularreko, kolon-ondesteko eta prostatako minbizia garatzeko arriskua murriztu dezakeela.

Gainera, nutrizio-gomendioek prebentzioan duten garrantzia nabarmentzen da, ohitura osasungarriak hartuz. Kasu honetan, onuragarria dirudi Mediterraneoko dietaren ereduko elikagaiak gehitzea: alde batetik, haragi prozesatuen, freskagarri azukretsuen, ontziratutako zukuen, gozoen, opilen edo prestatutako janariaren kontsumoa murriztea; eta, bestetik, fruta osoen, barazkien, lekaleen, arrainaren eta oliba-olioaren presentzia handitzea.

Hala ere, kontu handiz ibili behar da azken azterketa horien ondorioekin; izan ere, Mendebaldeko patroiarekin guztiz bat datorren dieta bat izateak ez du esan nahi minbizia garatuko denik; Mediterraneoko dietari atxikimendu handia izateak, berriz, ez du erabat prebenituko.

Egileen hitzetan “EPIC proiektuaren helburu nagusia da gure harri-koskorra zientziari eta gizarteari ekartzea, eta, gutxien-gutxienean bada ere, herritarrek osasun hobea izan dezaten laguntzea”. Gaineratu dute “Horrelako emaitzak erraz ekar daitezke eta guztion eskura daude, eta betebeharra bete izanaren sentsazio dugu eta ikertzen jarraitzeko motibazio handiagoa ematen digute”.

Azpimarratzekoa da EPIC proiektua aurrera egin badu, Espainian 40.000 lagun baino gehiagok eta Gipuzkoan 8.400 pertsonak baino gehiagok egindako ekarpen eskuzabalari esker izan dela. Horiek gabe, ezingo lirateke azterketa horiek egin. Gainera, proiektu hau posible da 10 erakunde baino gehiagotako ikerketa-talde eta profesionalen lankidetzari esker. Proiektu horrek erakusten du oso garrantzitsua dela lankidetza eta partzuergo handiak sortzea, bikaintasuneko ikerketak egin ahal izateko, emaitza esanguratsuak lortu ahal izateko, eta, kasu honetan bezala, herritarren osasunean eragina izango dutenak egiteko.

Azkenik, azpimarratu nahi dugu Pilar Amiano eta Ana Jimenez Zabalaren parte-hartzea duen artikulu bat Andaluziako Ekialdeko, Ceutako eta Melillako Medikuntza eta Kirurgia Errege Akademiaren 2023. urteko Sarietan saritua izan dela. Artikulu saridunak eguneko eta gaueko erritmoen, nutrizioaren eta gizentasunaren arteko erlazioa aztertu zuen aipatutako EPIC kohortean.