Alba Garin-Mugak, Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutuko e-Salud taldeko ikertzaileak, koordinatu du Asuncion Klinikaren datu klinikoak estandarizatu dituen lana, datueok ikerketan hobeto ustiatzeko. Vicomtech (Naroa Mendez eta Eduardo Alonso), Asunción Klinika (Moisés Espejo eta Maite López) eta STT Systems (Maykel Alonso-Arce eta Eñaut Rojo) enpresetako profesionalekin batera egin da lan hori, eta emaitzak Studies in Health Technology and Informatics nazioarteko aldizkari zientifikoan argitaratu dira.
Historia klinikoko datuen ustiaketa, adimen artifizialeko teknikak erabiliz, ahalmen handia dute erabaki klinikoak hobeto hartzeko eta alerta goiztiarreko sistemak sortzeko. Hala ere, estandarizazio faltak, hala nola, datuen formatuen, kodifikazio-estandarren eta terminologia medikoen aldakortasunak, ikerketa kolaboratiboa oztopatzen du eta soluzio digitalen garapena mugatzen du. Oztopo hori gainditzeko, Observational Medical Outcomes Partnership Common Data Model (OMOP CDM) eredua dago, datu klinikoen estandarra, bai egiturari dagokionez, bai hiztegiari dagokionez, Observational Health Data Sciences and Informatics-ek (OHDSI) garatua.
Lan honen helburua, datu klinikoen estandarizazioaren ideiarekin, OMOP CDM estandarrak historia klinikoko datuen ustiapena ahalbidetu dezakeela frogatzea izan zen, Asunción Klinikaren datu kirurgikoak eskala handiko ikerketarako baliabide prest bat bihurtuz, pazientearen arreta hobetze aldera.
Horretarako, Asuncion Klinikaren historia kliniko elektronikotik ateratako datuak OMOP CDM estandarrarekin bateratu ziren. Guztira, Asuncion Klinikako pazienteen 28.621 datu kliniko estandarizatu ziren. Lan tekniko horrek mapaketa bikoitza ekarri zuen: egiturazkoa, datuak eredu komuneko tauletara egokitzeko; eta kontzeptuala, terminologia medikoak hiztegi globaletara itzultzeko. Ebakuntza kirurgikoa egin zitzaien pazienteen datuak hautatu ziren, eta datu demografikoak, laborategiko testak, tratamenduak eta diagnostikoak barneratu ziren.
Ikerketa-taldeak adierazi duenez, “Emaitza nagusia balio handiko datuen aktibo bat sortzea izan da: datu klinikoen sorta bat, guztiz estandarizatua eta elkarreragingarria, Asunción Klinika ikerketa globalaren mapan kokatzen duena. Harmonizazio hori funtsezkoa da; izan ere, eskala handiko azterketa multizentrikoetan parte hartzeko aukera ematen du, arriskuak (konplikazio kirurgikoak, adibidez) aurreikusteko gai diren adimen artifizialeko ereduak garatzeko oinarriak finkatzen ditu, eta erabaki klinikoari laguntzeko etorkizuneko sistemak sortzeko beharrezko ebidentzia egituratua ematen du. Funtsean, tokiko baliabide bat datu-zientziaren bidez pazientearen arreta hobetzeko prestatutako ezagutza-iturri bihurtu da. “
Lan honen ondorio nagusi gisa, esan daiteke Asunción Klinikaren datuak OMOP eredura eraldatzeko prozesua arrakastatsua izan zela, mapaketan zehaztasun handia lortuz, baita datu konplexuetan ere, hala nola testu librean. Konplikazio kirurgikoen kategorizazioak kirurgialariek etorkizunean baliozkotze klinikoa egitea eskatzen duen arren, oinarri tekniko sendoa eta fidagarria ezarri da elkarlaneko ikerketarako. Gainera, lan honek, datu klinikoak estandarizatzean, aukera ematen du eskala handiko datuen ustiapenean oinarritutako tresnak garatzeko, kirurgialariei paziente bakoitzarentzat konplikazioak izateko arriskua modu pertsonalizatuan iragartzen laguntzeko. Horrek aukera eman lezake erabaki informatuagoak hartzeko, milaka kasuren esperientzian oinarrituta, eta, azken batean, emaitza kirurgiko hobeak eta sendatze seguruagoa lortzeko.
“Lan hau funtsezko urratsa da Euskadin datuetan oinarritutako medikuntza ezartzeko. Gure ustez, lan hau langile klinikoei lagunduko dieten aurresateko tresnak garatzeko oinarria da, eta espero dugu beste erakunde batzuei horrelako proiektuekin bat egiteko inspirazioa ematea, horrela guztien osasunean duten eragina biderkatzeko” nabarmendu dute ikertzaileek.
Lan hau Hazitek POSTCIG (ZL-2023/00505) proiektuaren barruan kokatzen da. Bertan, Asunción Klinikak eta STT Systems-ek, Vicomtech-ekin batera, ebakuntza kirurgikoak kudeatzeko plataforma integral bat sortzen laguntzen dute, kirurgia ondorengo balizko konplikazioak murrizteko helburuarekin.






