Gaur eguerdian, apirilarak 26, Contra el Cáncer en Gipuzkoa elkarteak ekitaldi bat ospatu du Donostian, lurraldean 2023rako Ikerkuntzarako Laguntzak aurkezteko, 2030erako minbizidun pertsonen batez besteko biziraupena % 70era handitzeko eta ikerketaren emaitzak pazienteari eramateko.

Guztira, lau laguntza eman dira 2023an Gipuzkoan, eta, gizartearen ahaleginari esker, Minbiziaren Aurkako Elkartea da minbizia ikertzen proiektu gehien eta ikertzaile gehien laguntzen dituen erakunde sozial eta pribatua. Biogipuzkoarentzat ohore bat da laguntza horiek guztiak gure Institutuko ikertzaileentzat izatea.

LAB AECC 2023 Laguntza Pedro Rodrigues doktoreari

Lehenengo laguntza Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutuko (IIS Biogipuzkoa) Pedro Rodrigues doktoreari eman zaio. LAB AECC 2023 laguntza da. “EpiNAFLD-LC: gibeleko minbizia diagnostikatzeko eta tratatzeko bitartekari epigenetiko berriak” izeneko proiektua garatzeko izango da.

Rodrigues doktoreak gibel koipetsu ez-alkoholikoari lotutako gibeleko minbizia garatzeko mekanismoak aztertuko ditu, diagnostiko-metodo eta tratamendu eraginkorragoak garatzeko bide berriak irekitzeko.

Jasotako zenbatekoa 300.000 eurokoa da.

Doktoretza ondoko laguntza AECC 2023 Oihane Mitxelena doktoreari

Bigarren laguntza Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutuko (IIS Biogipuzkoa) Oihane Mitxelena doktoreari eman zaio. AECC 2023 doktoratu osteko laguntza da, “La bestia durmiente: minbizi zelulek eremu metastatiko berrietan lo egiten dutela ulertuz” proiekturako.

Mitxelena doktoreak 3D eredu berriak garatuko ditu bularreko minbiziaren zelula “lotiak” ikertzeko, horiek baitira metastasia eta berriz gaixotzea eragiten dutenak.

Jasotako zenbatekoa 160.000 eurokoa da.

Doktoratu aurreko laguntzak June Gurrutxagari eta Maider Huiciri

Gainera, AECC Gipuzkoa 2023 doktoratu aurreko bi laguntza eman zaizkio June Gurrutxagari (95.298 €), Terapia aurreratuen hobekuntza (CAR-T) proiekturako, minbizi hematologikoak nanopartikula elektrikoen bidez tratatzeko; eta Maider Huiciri (90.391,66 €), Papel del receptor MARCO proiekturako, gibeleko minbiziaren immuno-onkologian. Biak Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutukoak (IIS Biogipuzkoa).

Ekitaldiaren ondoren, saiakuntza klinikoen garrantziari buruzko mahai-ingurua egin da, Onkologikoko zuzendari Ander Urrutikoetxeak moderatuta, eta Biogipuzkoa OIIako zuzendari zientifiko Itziar Vergarak, Karmele Mugika onkologoak eta paziente onkologikoa den Paco Garayaldek parte hartuta.