Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuko Epidemiologia Infekziosoa eta Erresistentzia Antimikrobianoa taldeak antibiotikoekiko erresistenteak diren Campylobacter bakterioaren ezaugarri genetikoak aztertzeko ikerketa bat koordinatu du, One Health (Osasun Bakarra) estrategiari jarraituz, NEIKEReko Animalien Osasun Sailarekin eta Gipuzkoako Osasun Publikoko laborategiarekin batera. Ikerlan honetan Miriam Alkorta eta Txema Marimón lankideek parte hartu dute eta Frontiers in Microbiology nazioarteko aldizkariak argitaratu da.

Campylobacter bidezko infekzioa beherakoak eragiten dituen munduko eragile nagusietako bat da, eta bakteria-gastroenteritisaren kausarik ohikoena da. Campylobacteren antibiotikoen aurreko erresistentzia-tasak ezagutzen ziren animalietan, elikagaietan eta gizakietan bakoitza bere aldetik, baina ez zen haien arteko erlazioa aztertu. Ikerketa berri honetan, genetikoki karakterizatu dira Campylobacter isolatuak eta antibiotikoei errisistentzia, bai eta erresistentzia horiek sortzen dituzten gene-mekanismoak ere, sekuentziazio masiboko tresnak erabiliz, informazio genetikoaren irudi globala ematen dutenak.

Ikerketa honen emaitza nagusia da ez zela erresistentzia mota espezifikorik lotu Campylobacter mota jakin batekin; hau da, bakterio mota desberdinek erresistentzia-mekanismo berberak izan zitzaketela. Ikerketak adierazten du ez dagoela andui erresistenterik eta erresistentzia orokortua dagoela andui moten artean. Halaber, korrelazio ona ikusi zuten maila genetikoko erresistentzia-mekanismoen eta maila fenotipikoan ikusitako erresistentzien artean. Azkenik, maila teknikoan, Oxford Nanopore teknologia erabiliz egindako sekuentziazioak ikerketa mota honetarako balio duela egiaztatu zen.

Ikerketa-taldeak ondorioztatu du antibiotikoei erresistentziaren jatorriaren azterketa zehatza egin behar dela berme hobeekin arazoari aurre egin ahal izateko. Azaldu dutenez, “Animaliei eragiten dienak guri eragiten digun mundu batean bizi gara (One Health estrategia, Osasun Bakarra), eta ez antibioetikoei erresistentzia-mailan bakarrik. Horregatik, garrantzitsua da ikerketak egitea eta sareak ezartzea medikuntza klinikoaren, osasun publikoaren eta albaitaritza-medikuntzaren artean, ikuspegi orokorragoa izateko eta prebentzio-neurri egokiak ezarri ahal izateko.”

Era berean, espero dute, animalia-mailan erresistentziak murriztea lortzen bada eta, ondorioz elikagaietan, gizakiengan izan daitezkeen infekzioak antibiotikoekiko sentikorrak diren mikroorganismoek eragingo lituzketela. Horrela, tratamendua beharrezkoa izanez gero, antibiotikoa errazagoa izango da, eta horrek onura ekarriko dio pazienteari. Adibidez, ahoz eta etxez etxeko tratamendua erabil liteke, zain barneko antibiotiko bat emateko ospitaleratu beharrean.

Ikertzaileek azpimarratu dutenez, “Lankidetza sare bat ezartzea lortu dugu animalien mikrobiologiako taldeekin eta elikagaiak aztertzen dituen Osasun Publikoko laborategiarekin, eta gaixotasun zoonotikoen (animalietatik gizakietara transmititutakoen) One Health zaintza sistema baten hasiera izatea espero dugu”. Gaineratu dutenez, “Euskal Autonomia Erkidegoan egindako lehenengo ikerketetako bat da lankidetza-maila hori lortzen dena, eta, beraz, harro gaude koordinatu ahal izan dugulako eta bertan parte hartu ahal izan dugulako”.

Ikerketa-taldeak eskerrak eman dizkie Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari (2019111038 Proiektua) eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari (URAGAN 21-00012 Proiektua), proiektua ahalbidetu baitzuten. Halaber, eskerrak eman dizkiete Neikerreko eta Gipuzkoako Osasun Publikoko laborategiko mikrobiologoei, bai eta Basurtuko Ospitaleko mikrobiologoei ere, lanean parte hartzeagatik.