Urriaren 19an Bularreko Minbiziaren Munduko Eguna ospatzen da, eta egun horretan hainbat jarduera egiten dira hainbeste pertsonari eragiten dien minbizia ikusarazteko. Gure Institutuan, besteak beste, Ander Urruticoecheak eta María M. Caffarelek zuzendutako Bularreko minbizia taldeak ikertzen du minbizi hori.

Iaz kontatu ziguten diziplina anitzeko taldea dela, eta hainbat arlotako profesionalek egiten dutela lan elkarrekin. Bere helburu komuna da bularreko minbiziaren progresioan inplikatutako mekanismo molekularrak aztertzea, horrela gaixotasun honetarako biomarkatzaile eta terapia berriak garatu ahal izateko.

Azterketa horien artean dago lumeneko bularreko minbizia duten pazienteen kirurgiaren aurreko tratamendu endokrinoaren erantzuna aurreikusteko erabil daitezkeen geneak daudela ondorioztatu zuten ikerketa. Gainera, bere ikerketa-lanaren kalitatearen erakusgarri, Ander Urruticoechea GEICAMeko lehendakari izendatu dute, Sara Manzano ASEICAko Zuzendaritza Batzordeko kide izendatu dute eta Contra Cáncer Gipuzkoaren finantziazioa jaso dute.

Azpimarratu nahi dugu ez zaigula ahazten gure lana gaixotasun hori duten pazienteentzat dela. Katxalin, Minbiziaren Aurka, Bularreko Minbizi Metastasikoaren Elkartea, Maite Ta Bizi, Con Cancer y Metas edo Iñurri bezalako elkarte askorekin lan egiten dugu askotan” adierazi dute ikertzaileek. Taldearen konpromiso sozial horren erakusgarri dira, besteak beste, Aramendiak “Granitos de harina” ekitaldian jasotako dohaintzak, eta Katxalinek martxa solidarioan bildutakoa; Con Cáncer y con Metas, Maite ta Bizi eta Iñurri elkarteek egindako bisita Onkologikoan Bularreko Minbizia eta Minbiziaren Birsorkuntza eta Bioingeniaritza taldeek duten laborategira; Gipuzkoako Minbiziaren Aurka Biogipuzkora egindako hitzaldian eta bisitan parte hartu izana; Maite ta Bizirekin Institutura egindako hitzaldia eta bisita; edo Iñurrik MYELOSMET proiekturako egindako diru-bilketa.

Data hori ospatzeko, aurten, Maria M. Caffarelek Gipuzkoako Minbiziaren Kontra elkarteak pasaden ostiralean antolatutako ekitaldi batean parte hartu zuen, eta bularreko minbiziaren taldeak topaketa bat egingo du asteartean Katxalinekin Institutuan. Espero dugu taldeak bularreko minbizia ikertzen jarraitzea eta egiten dituzten aurrerapenak gizartearekin partekatzea.