Urriaren 19an Bularreko Minbiziaren Aurkako Munduko Eguna ospatzen dela eta, Isabel Álvarez Lópezek eta María M. Caffarelek zuzendutako Bularreko Minbiziaren Taldera jo dugu, egiten duten ikerketa lanari buruz gehiago jakiteko.
Zein alderdi ikertzen dituzue bularreko minbizian?
Gure taldea diziplina anitzeko talde bat da, ikertzaile eta profesional klinikoz osatua (onkologoak, patologoak eta kirurgialariak, besteak beste), bularreko minbizian espezializazio handia dutenak. Gure interes nagusia bularreko minbiziaren progresioan inplikatutako mekanismo molekularrak aztertzea da, gaixotasun honetarako biomarkatzaile eta terapia berriak garatzeko. Horretarako, laborategian animalia- eta zelula-ereduetan egindako esperimentuak konbinatzen ditugu, baita Espainiako eta nazioarteko hainbat saiakuntza klinikotan parte hartzea ere.
Zertan hobetu ditzake ikerketa horiek pazienteak?
Adibide bat jartzearren, gure proiektu nagusietako bat da ulertzea nola zitokina izeneko molekula batzuek mezu gisa jokatzen duten tumore-zelulen eta organismoko beste zelula batzuen artean (immunitate-sistemakoak, adibidez); eta aztertzea nola laguntzen duten zitokina horiek minbiziaren progresioan eta metastasian. Ikerketa-lerro honetan lortutako emaitzei esker, bularreko minbizi metastasikoa duten pazienteekin 2. faseko saiakuntza kliniko batean parte hartzen ari gara. Proba horretan ebaluatzen ari da zitokina horietako baten bidea blokeatzen duen farmako berri batek duen eraginkortasuna tumoreen aurka.
Zer sentitzen duzue horrelako ikerketak egitean?
Azpimarratu nahi dugu ez zaigula ahazten gure lana gaixotasun hau duten pazienteentzat dela. Elkarte askorekin lan egiten dugu maiz: Katxalin, Contra el Cáncer, Asociación de Cáncer de mama metastásico, Maite Ta Bizi, Con Cáncer y con Metas. Eta egun honetan gure maitasun guztia eta besarkada handi bat bidali nahi diegu paziente guztiei eta jada ez daudenei: Maite, Iride, Maider, Agurtzane…






