Birikitako minbizi mota batean lobulo osoa erauztea edo zati bat kentzeak dituen ondorioak berrikusi dituzte Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutuko Arnas eta Pleura Patologia taldeko ikertzaileek. Borja Aguinagalde, Iker López, Jon Ander Lizarbe, Arantza Fernandez-Monge, Maria Mainer eta Jon Zabaleta lankideek egin dute ikerketa hau eta Journal of Clinical Medicine nazioarteko aldizkari zientifikoan argitaratu dira emaitzak.

Zelula txikien biriketako minbizian, goiztiarra denean, oraindik ere, erresekzio kirurgikoa da tratamendu estandarra. Tradizionalki, lobuloa kentzea ohiko prozeduratzat hartu bada ere, azken urteetan, gero eta interes handiagoa dago lobulu azpiko erresekzioa erabiltzea  alternatiba potentzial gisa, batez ere tumore txiki, periferiko, nodo-negatiboak dituzten pazienteetan. Ezkerreko birikako goi lobulua bi zatitan banatzen denez (kulmena eta lingula), ikerketzaile-taldeak aspalditik aztertu nahi izan du ezker lobuluan tumore bat dagoenean lobulu osoa erauzi behar den edo posible den lobuluaren zati bat mantentzea emaitza onkologikoak murriztu gabe.

Lehenengo pausu bezala, Espainiako GeVATS datu basea aztertu zuten bi ebakuntza mota horiek erkatzeko, propensity score teknikaren bitartez eta 2024ean argitaratu zituzten emaitzak. Datu horien arabera, biziraupen aldetik alderik ez zegoen bi ebakuntza moten artean, baina errekurrentzia patroia desberdina izan zen: ikertzaile-taldearen harridurarako, lobulu osoa erauzitako pazienteek urruneko barreiadura gehiago izan zuten. Ondorioz, emaitzak balioztatzeko helburuarekin, gaiaren inguruan argitaratutako artikulu zientifikoak aztertzeari ekin zioten.

Bibliografiako datubaseetan 14 artikulu aurkitu zituzten gaiarekin lotuak eta horiekin errebisio sistematikoa deritzon prozedura erabili zuten. Horretarako, PRISMA estandarretan oinarritu ziren, emaitza sendoak lortzeko erabiltzen den prozedura, hain zuen ere. 14 artikulu horietatik 9 artikuluk emaitza erabilgarriak zituzten eta metaanalisia deitutako prozedura erabiliz, errekurrentzia patroiak aztertu zituzten.

Lortutako emaitzek berrestu zuten aurreko artikuluan ikusi zutena: goiko ezkerreko lobulua erauzia izan zaien pazienteek urruneko metastasi gehiago garatzen zuten soilik kulmena erauzi zaienei baino. Ikertzaileek onartzen dute emaitza hauek logikaren aurka joan daitezkeela eta horregatik proposatzen dituzte gertaera hori azal dezaketen kausa biologikoak. Besteak beste, proposatu egin dute ebakuntza bakoitza egiteko prozedurak eragina izan dezakeela edota lobulu osoa erauzteak pazienteen egoera immunologiko eta nutrizionalan eragin negatiboa izan dezakeela. Gaineratzen dute, ezin daitekela baztertu emaitza hauek alborapen sistematikoren bat izatea, jatorrizko artikuluen diseinuagatik.

Edonola ere, ikertzaile-taldeak argi dauka ondorioa: “Hurrengo ikerketetan gure behaketa berresten bada, goiko lobulu osoa erauzi beharrean kulmena soilik erauzi beharko zaie paziente hauei.“. Gaineratzen dute “Gure betebeharraren parte ikusten dugu ikertzea, ezin gara mugatu pazienteak operatzera soilik. Pazienteei operaziorik onena eskaintzeko gure inguruko datu eta analisiak beharrezkoak ditugu. Hori dela eta, oso garrantzitsutzat jotzen dugu ikerketa propioak egitea”. Azkenik, nabarmentzen dute “Gure espezialitatean lehen GEVATS eta orain ReSECT izeneko datu baseak ditugu. Gure ustez lanabes horiek ezinbestekoak dira halako galderei erantzuna ematen saiatzeko. Bertako partaide izateak ikerkuntzarako bultzada handia izan da gure zerbitzuarentzat.”