Adrian Cardin, Miren Santos eta Lorea Gómez

Medikuntza translazionalean egindako ikerketa-lana saritu da, prestakuntza amaitzen duten egoiliarren hiru curriculum onenen artean.

Medikuntza Traslazionaleko Ikertzaile Egoiliarren Sarien hirugarren edizioa egin da. Bertan, Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutuak Gipuzkoako ESIetan prestakuntza amaitzen duten mediku eta erizain egoiliarrek egindako ikerketa-lana aitortzen du.

Institutuko Estrategia eta Eragin Zuzendariak, Olatz Arrizabalagak eta irakaskuntza-unitateetako ordezkaritza zabal baten aurrean euren zuzendariak 1.000 €-ko egiaztagiriak eman dituzte.

Hirugarren edizio honetan, epaimahaiak 2025ean prestakuntza amaitu duten Egoiliarren curriculum onenak baloratu ondoren, hiru izan dira irabazleak:

  • Adrián Cardin Pereda, ospitaleko mediku egoiliarraren saria
  • Lorea Gómez Berasategui, lehen mailako arretako mediku egoiliarraren saria
  • Miren Santos Arkauz, Erizaintzako egoiliarraren saria

Saria eman eta epaimahaiaren aintzatespena jaso ondoren, Adrian, Lorea eta Mirenekin hitz egin dugu.

Adrian Cardin eta Begoña Azkarate

Adrian, zer da zuretzat sari hau jasotzea?

Aitorpena beti da aurrera egiteko eta hobetzeko pizgarria, eta Biogipuzkoa bezalako erakunde batetik datorrenean are bereziagoa da. Ikerketa esker-txarrekoa izan daiteke, batzuetan, horregatik, hau bezalako uneak hain garrantzitsuak dira ikertzaileontzat. Eskerrik asko bihotz-bihotzez zuen laguntzagatik.

Zer eremutan lan egin duzu, asistentzian zein ikerketan?

Asistentzia-mailan traumatologian eta ortopedian, erradiologian eta aurpegi-masailetako kirurgian lan egin dut, nire egungo eremuan. Ikerketan esperientzia dut kirol zientzietan (jarduera fisikoaren zientziak ikasi nituen aurretik), neurobiologian (bai Instituo Cajalen egon nintzen bitartean, bai biologia molekularreko masterrean), irudi medikoan (erradiologo gisa ikasi nuen bitartean), hezurraren biologia zelularrean eta molekularrean (nire doktore tesian) eta azken aldian nire egungo esparruan, aurpegi-masailetako kirurgian.

Zer esango zenieke ikertu nahi duten egoiliarrei?

Bi gauza esango nizkieke. Lehenengoa, egoitzan dagoen bitartean lehentasuna etorkizunean espezialista izango den zure prestakuntzak izan behar duela. Zure ardura, aldi honetan, profesional erabakitzaile bihurtzea da, zure eskuetan jartzen direnen osasuna zainduko duena. Bigarrena, aurrekoa gutxietsi gabe, ikertzeak mediku hobea egiten zaituela da, eta horretaz ez dut inolako zalantzarik. Asistentziaren jarduera eta azterketa nahiz ikerketa bere baitan hartzeko gai diren pertsonak, aditu gai eta eraginkorrak izan ohi dira.

Zein dira zure etorkizuneko planak? Non ikusten duzu zeure burua zure jardueran?

Gaur egun, espezialista gisa lan egiten dut prestakuntza jaso nuen zerbitzuan, eta hori konfiantzazko bototzat eta aukera handitzat jotzen dut. Nire tesia garatu bitartean ikasitako guztia egunero kontsultan ikusten ditugun patologietan erabili nahi nuke etorkizunean. Hau da, bokazio translazionala inoiz baino presenteago dago nigan.

 

Lorea Gómez eta Maialen Berridi

Lorea, zer da zuretzat sari hau jasotzea?

Egoitzan egindako lanaren aintzatespena da.

Zer eremutan lan egin duzu, asistentzian zein ikerketan?

Egoitzan zehar hainbat esparrutan txandakatzeko aukera dugu. Lehen mailako arretan eta larrialdietan egiten dugu lan. Ikerketari dagokionez, Espainia mailan egiten ari den ikerketa lan batean parte hartu dut. Bertan, Larrialdi Zerbitzura sinkope baten ondorioz joaten diren pazienteei ematen zaien arreta berrikusten da. Gainera, kasu klinikoei buruzko hainbat lan egin ditut poster formatuan eta ahozko komunikazio pare bat.

Zer esango zenieke ikertu nahi duten egoiliarrei?

Ikertzeko modu asko daudela esango nieke. Nik hasieran ikusten nuen ikerketa paperean edo laborategian egiten den zerbait bezala, eta ez da horrela. Parte hartzeko modu ezberdinak daude eta oso aberasgarria izan daiteke.

Zein dira zure etorkizuneko planak? Non ikusten duzu zeure burua zure jardueran?

Nire formakuntzan aurrera egiten ikusten dut neure burua eta larrialdietan lanean jarraitzen.

 

Miren Santos junto eta Olga Amonarraiz

Miren, zer da zuretzat sari hau jasotzea?

Ilusioz betetzen nau sari hau jaso izanak. Niretzat, ahalegin eta dedikazio pertsonalarekiko errekonozimendua ez ezik, nire tutoreak eta Tolosako Osasun-Zentroko ikaskide guztiek urte hauetan partekatutako jakituria ere bada. Ohore bat da.

Zer eremutan lan egin duzu, asistentzian zein ikerketan?

Asistentzia-mailan, egoitzan zehar Lehen Mailako Arretan eta Larrialdietako Zerbitzuetan egon nintzen. Gaur egun, paziente kroniko konplexuak artatzen ari naiz EPAk-en etxean, familiako eta komunitateko erizain espezialistentzat sortutako lanpostu batean. Bestalde, ikerketaren esparruan, nahiz eta nire lanpostua ez egon ikerketara soilik zuzenduta, baizik eta lehen mailako arretako asistentziaren atalean, hainbat alderdi landu nituen: paziente kroniko konplexuak artatzeko sortutako ibilbideak, adineko helduengan disfagia, eta emakumeen osteopenia prebenitzeko osasun komunitarioa sustatzeko proiektuak.

Zer esango zenieke ikertu nahi duten egoiliarrei?

Esango nieke, nahiz eta batzuetan zaila izan prozesu hori eta asistentzia-jarduera uztartzea, benetan beharrezkoa dela egoiliar gisa prestatzeko. Halaber, tutorearen, ikaskideen, gainerako egoiliarren eta Irakaskuntza Unitatearen gertuko laguntza aprobetxatzera animatuko nituzke, asko laguntzen baitute eta bidea eramangarriagoa egiten baitute.

Zein dira zure etorkizuneko planak? Non ikusten duzu zeure burua zure jardueran?

Etorkizunean, lehen mailako arretan, larrialdietan edo espetxe-osasunean lan egin ahal izatea gustatuko litzaidake. Bi urte hauetan ingurune horiek ezagutzeko, gozatzeko eta profesionalki hazteko aukera izan dut. Gainera, uste dut ikerkuntzaren esparruan potentzial handia duten eremuak direla, herritarrentzat zein profesionalentzat oso informazio baliotsua emateko gai direnak.

ZORIONAK SARITUEI!!!