Biogipuzkoak Kultura Zientifikoko eta Berrikuntzako Unitate (UCC+I, gaztelaniazko sigletan) bezala akreditazioa berriro lortu du, Fundación Española de Ciencia y Tecnología-ren aldetik. Berri pozgarri honi buruzko zehaztasun gehiago jasotzeko, Koldo Garciarengana jo dugu, Dibulgazio eta Kultura Zientifikoko arduradunarengana, UCC+I-ek Caceresen egin duten topaketatik bueltan.
Zer moduz joan zen UCC+I-n arteko topaketa?
Oso giro onean egin da topaketa, oso pozik itzuli naiz. Estatuko beste UCC+I-k egiten duten lana ezagutzeko aukera izan dut eta, nire lehen aldia zenez topaketa honetan, aurpegia jarri diet lan hori egiten duten pertsonei. Hainbat proiekturen atzean dauden pertsonen bizipena ezagutzea eta ze gogo eta ilusiorekin egiten duten aurrera, oztopoak oztopo, oso inspiragarria da.
Zer da akreditazio hau?
2012. urtean Fundación Española de Ciencia y Tecnología-k UCC+I sarea sortu zuen, kultura zientifikoa sustatzen ari ziren egiturak saretzeko asmoarekin. Bertako kide izateko, hau da, UCC+I bezala akreditzeko, kultura zientifikoa sustatzeko jarduera eta indikatzaile minimo batzuk ezarri zituen. Hala, Biogipuzkoak 2021. urtean lehen aldiz lortu zuen akreditazio hau eta, egiten dugun lanagatik, akreditazioa mantentzea lortu dugu.
Zeintzuk dira Institutuak egiten dituen kultura zientifikoa sustatzeko jarduera horiek?
Alde batetik, komunikazio-taldearekin lankidetzan, Biogipuzkoako ikertzaileek egiten duten lana gizarteari hurbiltzen diogu gure webgunearen eta sare sozialen bitartez. Formatu ezberdinak probatzen ari gara eta, iruditzen zait, zehaztasuna galdu gabe, informazio-produktu erakargarriak egiten ari garela.
Beste batetik, aurrez aurreko jarduerak ditugu. Horiek gure eskaintza propioaren barruan kokatzen dira (adibidez, bigarren hezkuntzarako antolatzen ditugun Ate Irekien Jardunaldiak edo “Explorando el envejecimiento”; edo elkarteekin egiten ditugun jarduerak) edo beste erakunde batzuekin lankidetzan (besteak beste, Oiasso Museoarekin batera Zientzia – Historia – Ciencia zikloa, Elhuyarren Zientzia Azoka edo hainbat erakundeekin batera Emakumeak Zientzian edo Pint of Science).
Halako aitortzak jasotzea pozgarria da, ezta?
Bai, noski! Nire ustez, Institutuko lankide guztiok harro egon beharko genuke halako aitortzekin, zerbitzatzen diogun gizarteari zerbait positiboa eta baliotsua ematen ari garela ziurtatzen baitu. Bizi ditugun garai hauetan kultura zientifikoa sustatzea behar beharrezkoa da eta Biogipuzkoan, zientziak duen erantzukizun sozialari jarraituta, erantzun egokia ematen ari gara. Halako aitortzek bide onetik goazela baieztatzen digute eta indarra eta ilusioa ematen diguten bide honetan jarraitzeko.






