Ikerketa-proiektu berritzaileak terapia horiek osasun-sistema publikotik fabrikatzea eta aplikatzea bilatzen du, gaur egun eskuragarri dauden sendagaien ezaugarriak hobetuz.

CAR-T terapiak benetako iraultza izan dira onkologian. Pazientearen beraren immunitate-sistemako zelulak aldatzean datza, minbizi-zelulak ezagutzeko eta suntsitzeko gai izan daitezen. Horri esker, beste tratamendurik ez zuten pertsonek hobera egitea lortu dute, baita gaixotasunetik libre mantentzea ere, denbora luzez.

Aurrerapen horiek izan badira ere, oraindik muga handiak daude: paziente guztiek ez diote tratamenduari erantzuten, eta kasu askotan minbizia berriro agertzen da hilabete batzuen buruan. Gainera, terapia horiek albo-ondorio larriak eragin ditzakete, eta kostu ekonomiko handia dute.

Oztopo horiek gainditzeko asmoz, Biogipuzkoak, enpresa bioteknologikoak dituen aldi baterako enpresa-elkarte (ABEE) baten bidez, Click-CAR izeneko CAR-T belaunaldi berri baten garapena bultzatzen ari da. Teknologia horri esker, tratamendu pertsonalizatuagoak eta eraginkorragoak diseinatu ahal izango dira, kontrako efektuak murriztuz eta haien ekoizpena sinplifikatuz.

Proiektuaren berrikuntza handienetako bat da ospitale publikoek terapia horiek beren baliabideekin fabrikatu eta aplikatu ahal izatea erraztuko duela, kanpoko farmazia-konpainien mende egon gabe. Horrek atea irekitzen die paziente gehiagori terapia hauek hartu ahal izateko, eta, horrez gain, osasun-sistema publikoaren iraunkortasuna bermatzen laguntzen du.

Praktikan, proiektuak hiru helburu nagusi ditu:

  1. Irisgarritasun handiagoa: minbizia duten pertsona gehiagok jaso ditzakete terapia berritzaile horiek.
  2. Emaitza kliniko hobeak: tratamenduaren eraginen eraginkortasuna eta iraupena handitzea.
  3. Iraunkortasun ekonomikoa: kostuak murriztea eta osasun-sistema publikoan integratzea bideragarri egitea.

Lehen fase honetan, soluzioaren diseinua eta proiektuaren plangintza integrala lalduko dira, bioteknologiaren arloko ikerketa-zentroen, ospitaleen eta enpresen parte-hartzearekin.

Emaitzak positiboak badira, Andaluziako eta EAEko ospitaleek CAR-T terapiak modu autonomoan ekoizteko eta administratzeko gaitasuna izango dute.

Proiektua kudeatuko duen BBZS ABEEk Biogipuzkoa OIIak eta BIAT, ZIP Solutions eta SILO enpresek osatzen dute. Andaluziako Osasun Sistema Publikoaren Berrikuntzaren Erosketa Publikoaren Estrategiaren barruan dagoen. CART_ANDALUCÍA proiektuaren ABEE esleipendunetako bat da. CART_Andalucía proiektuak 4,28 milioi euroko aurrekontu orokorra du, Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren Eskualdeko Programa Operatiboak (PO FEDER Andaluzia 2021-2027) finantzatuta.

Mugarri hau urrats erabakigarria da Osakidetzaren Terapia Aurreratuen Estrategian, eta berretsi egiten du lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia osasunerako irtenbide berrien garapenean.