Martxoaren 6an Begisare Elkarteko zenbait lagun izan genituen Biogipuzkoan. Elkarte horrek erretina-arazoak eta ikusmen baxua eta itsutasuna eragiten duten beste gaixotasun batzuk dituzten pertsonei laguntzen die. Haren lanaren zati bat gaixotasun horien ikerketa sustatzea da, eta, hala, 29.500 €-ko txeke bat eman zioten Neurogenerazio Sentsorialeko taldeari. Gainera, ikertzaileek hitzaldi batzuk eman zituzten egiten duten lana kontatzeko eta gure instalazioak bisitatzeko aukera izan zuten.

Begisareren izenean, Ana Grijalbak adierazi du ikertzaileekin batera talde bat egiten dutela eta presente dituztela, pentsatuta inurriak bezala lan egiten dutela. Itziar Vergarak, Institutuko zuzendari zientifikoak, Begisareko kideak agurtu ditu eta taldearen ideiari heldu dio, gogoratuta ikertzaileen lana ez dela posible ez bada pazienteen parte hartzearekin eta Institutuarentzat halako ekitaldiak ospakizun egunak direla. Javier Ruiz Ederrak eskerrak eman ditu eta nabarmendu du Begisare bidelaguntzat izatea zorte handi bat dela, ederra dela beraiek alboan izatea eta halako ekarpenek laguntza handia egiten diola ikerketa taldeari.

Gainera, Javierrek aurkezpen arin bat egin du egindako lana Begisareko kideei gerturatzeko. Hala, azaldu die diagnostikoetan egin diren aurrerapenak, erretina-distrofia heredagarrien unitatearen xehetasunak eta genoma-osoko sekuentzazioak ekarri dituen aurrerapasuak. Baita ere terapia berrien nondik norakoei buruzko argibideak eman ditu, batez ere tamaina txikiko molekulen onurak. Azkenik, erretinosien tratamenduan egindako aurrerapenak aurkeztu ditu. Gai hauek Begisaren etorkizunean izango duten hitzaldi batean sakonago azalduko ditu.

Ostean, Cristina Irigoyenek Begisareren babesa eskertu du, babes horri esker hainbat urrats ematea posible izan baita. Gainera, hurrengoko urratsak aipatu ditu, hala nola, entsaiu klinikoak, eraginkortasun-analisiak, gaixotasunaren historia naturala ezagutzea edota terapia genetikoen garapena, besteak beste. Hitzaldien ostean, Begisareko kideak eta ikertzaileek hitz egiteko aukera izan dute eta eraikinera egindako bisita giro onean egin zen.

Horrelako ekitaldien bidez, gure Institutuaren ateak herritarrentzat irekita daudela islatu nahi dugu, eta elkarteek gure ikertzaileengan jartzen duten konfiantza ere eskertu nahi dugu modu honetan.