2002az geroztik, Bakerako eta Garapenerako Zientziaren Nazioarteko Eguna ospatzen du UNESCOk azaroaren 10ean. Erakunde honen hitzetan “Egun honekin nabarmendu nahi dira zientziak gizartean duen zeregin garrantzitsua; gai zientifikoei buruzko eztabaidetan gizarte-eragile desberdinen parte hartzearen beharra; eta herritarrek zientziaren aurrerapenei buruzko informazioa izan dezaten bermatzea”.
Aurten, Zientziaren Nazioarteko Egunaren lema da “Zientziarekiko konfiantza sortzea”. Hala, UNESCOk dio “zientziak gure etorkizun kolektiboaren eraketan duen eginkizuna beteko du soilik konfiantza sortzen badu. Gai konplexua bada ere, eragiten die zientzialariek lan egiteko moduari eta gizarteak zientzia ulertzeko moduari. Gainera, zientzian konfiantza sortzeak ere indartzen ditu zientzian oinarritutako erabaki politikoak eta haiek ezartzeko gizarte-babesa.”
Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuan konprometituak gaude ikerkuntza eta berrikuntza arduratsuekin. Sinesten dugu herritarrek zientzian parte har dezaketela eta parte hartze hori errazteko gertutasuna, konfiantza eta konplizitatea landu behar ditugula. Hala, askotariko jarduerak egiten ditugu zientzia herritei gerturatzeko eta herritarrak zientziara. Adibidez, horietako hainbat eduki gure multimedia atalean kontsulta ditzakezu. Baita ere, ikasleentzako jarduerak antolatzen ditugu, egiten dugun lana modu argian azaltzen saiatzen gara, ikerkuntzan herritarren parte hartzea sustatzen dugu eta beste eragileekin batera elkarlanean aritzen gara zientzia herritarrei gerturatzeko hainbat formatutan. Gainera, jarduera berriak antolatzen jarraituko dugu herritarren eta zientziaren arteko zubi-lana egiten jarraitzeko.
Herritarrei begira egiten ditugun jarduerei buruz egunean egon nahi baduzu:
- Irakurri gure webguneko berriak
- Jarrai gaitzazu sare sozialetan: Facebook, X, Instragam eta Linkedin
- Harpidetu gure buletinera
Zalantzarik edo iradokizunik izan ezkero, jarri harremanetan Dibulgazio eta Kultura Zientifikoko gure arduradunarekin (koldo.garciaetxebarria@biodonostia.org).
Denon artean zientzian dugun konfiantza lantzen eta sendotzen jarraituko dugu. Batzen zara?





