- Ikerketa Science aldizkari ospetsuan argitaratu dute
- Zahartzea Biodonostia OIIaren ikerketa-ildo estrategikoa da.
Zelula ama neuronalak (NSC) neurona berriak sortzen jarraitzen dute bizitza osoan zehar, garuneko hainbat eremutan; esaterako, hipokanpoko zirkunboluzio horzduna. Prozesu horri neurogenesi deitzen zaio.
Helduen neurogenesian, hipokanpoko neuronen funtsezko trukaketa sortzen da bizitza osoan zehar. Neurona horiek hipokanpoaren eta memoriaren mendeko ikaskuntza-mota jakin batzuetan parte hartzen dute. Horrez gain, neurogenesia faltatzen edo hondatzen bada, gaixotasun neuropsikiatrikoak sortzen dira; adibidez, depresioa edo epilepsia. Sortzen diren neuronen kopurua dinamikoki erregulatzen da. Hortaz, zaharrengan, zelula ama neuronalen ugalketa eta neurogenesia murriztu egiten dira; beraz, ondoriozta litekeenez, zelula kumeak sortzeko gai diren zelula ama neuronalak berez birsortzeko ahalmena murriztu egiten da zelula ama neuronal zahartuetan. Hala ere, hipokanpoko NSCen berezko birsorkuntza epe luzera erregulatzen duten mekanismo zelularrak, adinarekin lotutako neuronak sortzeko ahalmenaren murrizketan zerikusia dutenak, ez dira ezagutzen.
Ikerketaburua Sebastian Jessberger, Zuricheko Unibertsitateko ikertzailea da; berarekin batera jardun du Biodonostia OIIko Ikerbasque Research Professor den Marcos Araúzok, (halaber, Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko Biologia Konputazionaleko eta Sistemen Biomedikuntzako talde ikertzailearen arduraduna ere bada). Ikerketaren ondorioz aurkitu denez, zelula amen zatiketa zelularra gertatzen den bitartean, alboko barreiatze-hesia sortzen da erretikulu endoplasmatikoaren mintzan, eta hesi horrek osagai zelularrak era asimetrikoan jariatzea eragiten du. Frogatu dutenez, adinarekin, hesi horren indarra ahuldu egiten da, Lamin proteinarekin lotutako nukleo-bilgarriaren osagaien hondatzeari erantzunez. Ahultze horren ondorioz, zelulak zahartzean kaltetzen diren proteinak ezin dira era asimetrikoan jariatu, eta hori neuronen zahartzearen kausa molekularretako bat da. Aurkikuntza horien arabera, gaixotasun neurodegeneratiboak garatzeko mekanismo orokorrak egoteko ateak irekitzen dira.
Garun gazteetako zelula ama neuronaletan, kaltetutako proteinak era asimetrikoan heredatzen dira, eta ondorioz, “ama” ez den zelula kumeak kaltetutako proteinak heredatzen ditu eta zelula “ama” den zelula kumeak askatu egiten ditu proteina horiek. Era harrigarrian, garun zahartuen zelula ama neuronaletan, ordea, kaltetutako proteinak era simetrikoagoan banatzen dira “ama” den zelula kume berriaren eta “ama” ez denaren artean.
Aurkikuntza horren bidez, neuronen zahartzea azaltzen duen arrazoietako bat argitzeaz gain, hainbat gaixotasun degeneratibo hobeto uler daitezke, zeren ateak irekita uzten baititu hainbat gaitzen kasua komunak egon daitezen. Halaber, organismoko beste zelula mota batzuen zahartzea ulertzen ere lagun dezake.





