Argazkia: Gizarte Kontseilua

Urriaren 18an Tabacalera espazioan Topaketa ekitaldia izan zen, Donostiako Gizarte Kontseiluak azken hamarkadetako medikuntzaren aurrerapen nagusiei buruz antolatutako ekitaldian, “Zenbat biziko gara?” izenburupean.

Hizlari gonbidatuak honako hauek izan ziren: Pilar Lekuona Gipuzkoako Erizainen Elkargo Ofizialeko presidentea, Julio Arrizabalaga Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko zuzendari zientifiko ohia eta Itziar Vergara Biodonostiako lehen mailako arreta taldeko arduraduna.

Eneko Goia hiriko alkateak ekin zion topaketari, eta hiru gonbidatuei hitza eman zien. Julio Arrizabalagak hiru talde handitan laburbildu zituen azken hamarkadetako aurrerapen nagusiak: alderdi kirurgikoak, besteak beste, gorputzaren zulo naturaletatik eta zainetatik zein arterietatik egiten den kirurgia; antibiotikoak, antibiralak eta txertoak, gainditu ezinezkotzat jotzen genituen gaixotasunak sendatzea ahalbidetu dutenak; eta iristear diren terapia zelularrak eta genikoak, gaixoa odolaren bidez sendatzen dutenak.

Itziar Vergararen ustez, biologia zelularra eta molekularra ezagutzeak medikuntza irauli du, baita farmakoek eta horiek eskuratzeko aukerak ere. «Baina garrantzitsuak izan arren, dena ez da polita, gutxietsi ezin ditugun bi elementu baitaude horri lotuta: antibiotikoak gaizki erabiltzeagatik sortzen diren erresistentzia antimikrobianoak, alde batetik, eta polifarmazia, bestetik, gehiago bizi arren, adineko pertsona askok egunean hamar farmako baino gehiago hartzen dituztelako».

Lekuonaren ustez, aurrerapenak osasunari, zaintzari eta zahartzaroari buruzko ideologia aldatzetik etorri behar du: «Ulertu behar dugu dena ezin zaigula eginda eman, estrategia politiko eta publikoetan aurrera egin behar dugula, eta elkar laguntzen eta ulertzen saiatu behar dugula. Pandemiari esker, alor askotan aurrerapen handiak egin ditugu: giza alderdian, sentimenduenean, emozioetan… Ikasitako hori ezin dugu galdu».

Pandemiari dagokionez, Arrizabalagak eta Vergarak ikerketaren eta aurretiazko ezagutzaren garrantzia nabarmendu zuten. Gainera, pandemiak irakatsitakoen zerrendari beste bi alderdi gehitu zizkion: maila guztietako lankidetza-esperientzia eta datuen kudeaketa eta gardentasuna.

Medikuntzaren etorkizunaz eta datozen hamarkadetan Donostian ezagutu ahal izango ditugun aurrerapenez galdetuta, adimen artifiziala jada errealitatea dela azpimarratu zuten hirurek.

Alkateak galdetuta, Donostia terapia aurreratuen Europako hiriburua bilakatu daitekeela aurreratu zuen Arrizabalagak, baina horretarako eragileen arteko koordinazioa ezinbestekoa izango dela esan zuen.

Bilera Daniel Zulaika Gizarte Kontseiluko presidentearen hitzaldiarekin amaitu zen eta bertaratzea eskertu ondoren horrelako eztabaidak antolatzen jarraitzeko asmoa azaldu zuen.

Topaketa esteka honetan dago eskuragarri:

https://www.youtube.com/watch?v=tUYhKYmLu40