Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuak (Biodonostia OII) otsailaren lehen asteetan parte hartu du Estatu Batuetako Estatu Departamentuak Karlos III.a Osasun Institutuaren bidez (ISCIII) sustatutako lan-misioan, bi herrialdeetako erakundeen artean itunak egiteko osasun-berrikuntzaren arloan.
Misio hau Estatu Batuetako Gobernu Federalaren Programaren barruan dago (Internatonal Visitors Leadership Programme), osasun-arloko produktu eta zerbitzu hobeak ahalbideratuko dituzten proiektu eta jarduera bateratuak bultzatzeko.
Estatu Batuetako Washington, Boston eta Cleveland hirietan, osasun-ikerketaren eta -berrikuntzaren arloan mundu osoan erreferentzia diren zentroak bisitatu dituzte. Bisita horietan, Espainiako zentroek esperientziak partekatu dituzte Estatu Batuetako hainbat erakunde, ekintzaile eta berritzailerekin. Erakunde horiek osasunarekin lotutako erronka teknologiko eta sozialak lantzen dituzte, sektore ez-tradizionalak eta ekonomikoki hain dinamikoak ez diren eskualdeak barne.
Misioko kideak, besteak beste, Osasun Institutu Nazionaletako (NIH) adituekin, Medstar Health erakundearekin, Global Center for Health Innovation eta Plug & Play zentro teknologikoekin, Cleveland-eko Western Reservve Unibertsitatearekin, Bostongo Haur Ospitalearekin eta Arthur M. Blank for Entrepreneurship zentroarekin eta hainbat konpainia teknologiko eta berritzailerekin elkartu dira.
Ekimen horretan zortzi zentrok hartu dute parte, Biodonostiak besteak beste, ISCIIIko Medikuntza eta Osasun Teknologien Berrikuntza Plataforma (ITEMAS) osatzen duten 30 nodoen ordezkari gisa.






