Donostialdea ESIa, Biodonostiarekin batera, EU-COVAT-1 Aged saiakuntza klinikoan pazienteak sartu dituen Espainiako lehen zentroa izan da: ikerketa multinazionala, 2. fasekoa, ausazkoa eta egokitzailea, SARSCoV-2aren aurkako txertoa jaso duten 75 urtetik gorako helduei COVID-19 txertoak eman ondoren immunogenizitatea eta erreaktogenizitatea ebaluatzeko.
Saiakuntza klinikoa Alemaniako Koloniako Unibertsitateak sustatu du. Proiektua Europako 6 herrialdetako 18 zentruetan garatuko da. Orain arte Koloniako zentruan soilik sartu ziren pazienteak. Espainia mailan parte hartzen dute La Paz Unibertsitate Ospitaleak, Bellvitgeko Unibertsitate Ospitaleak, Germans Trias i Pujol Unibertsitate Ospitaleak, Reina Sofía Unibertsitate Ospitaleak eta Donostia Unibertsitate Ospitaleak (Donostialdea ESI).
Saiakuntza Biodonostia OIIren Lehen Mailako Arretako Ikerketa Taldeak gidatzen du, eta Biodonostia OIIren Ikerketa Klinikoko Plataformak jarri du abian. Plataforma hori Carlos III.a Osasun Institutuko Ikerketa Klinikoetarako eta Saiakuntza Klinikoetarako Unitateen Plataformaren parte da, eta ECRIN Europako sareari (European Clinical Research Infrastructure Network) lotuta dago. Sare europarrak koordinatzen ditu, nazioartean, zentruetako entsegu-jarduerak.
Lan handia suposatu duen parte-hartze hau Biodonostiaren eta Donostialdea ESIaren lankidetzari esker lortu ahal izan da, batez ere Groseko Osasun Zentroari esker; izan ere, koordinatuta ari dira lanean hori gauzatzeko eta osasun publikoaren arloko etorkizuneko erabakietarako emaitza garrantzitsuak lortzeko.





