Apirilaren 29an, Donostian, “I+G ikerketa-zentroak” programaren aurkezpena egin da. Programa hau Gipuzkoa Kooperaren proiektu bat da, “Mujeres por África” Fundazioaren “Ellas Investigan” programarekin lankidetzan eginda. Programa hau Afrikako emakume ikertzaile liderrekin eta beren herrialdeetako ikerketa-zentroetako departamentuburuekin izandako truke teknikoari lotuta dago.
Harkaitz Millan Kultura eta Lankidetza diputatua buru izan da ekitaldian, eta Fernando San Martín Nazioarteko Lankidetzako zuzendariak hizlariak aurkeztu ditu. Aurkezpenean Gipuzkoako lehen mailako hiru ikerketa-zentrok hartu dute parte: Biodonostia OII, Materialen Fisika Zentroa / Material Physic Center (CFM / MPC) y DIPC (Donostia International Physic Center).
“Mujeres por Africa” Fundazioaren “Ellas investigan” programak zentroen eskura jartzen du Afrikan duen sare sozial eta instituzional bikaina, eta Gipuzkoako zentroekin batera hautagaitzak sustatu eta hautatzeko aukera ematen du. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Lankidetza Departamentuak laguntza instituzionala eta ekonomikoa ematen du proiektua diseinatu eta ezartzeko.
Ekimen honen helburua hirukoitza da; alde batetik, oraindik gure gizartean dagoen kontakizun bakarra hautsi nahi du, garapenerako lankidetza laguntzazkoa dela uste baitu. Horri dagokionez, Harkaitz Millan Kultura eta Lankidetza diputatuak adierazi duenez, “horregatik, euskal gizartearentzat eta nazioarteko garapen zientifikoarentzat interesgarriak diren esparruetan ikerketa zientifiko aplikatua eta Gipuzkoako gizartearen barruko dibulgazioa sustatzen duten Gipuzkoako zentroekin lan egitea aukera bat iruditzen zitzaigun eta errealitate poliedrikotzat ulertutako garapenerako aliantzak sortzeko aukera bat dela uste dugu”.
Proiektuaren bigarren helburua, hain zuzen, Afrika herrialde bat dela dioen mitoa haustea da; izan ere, Afrikak arazo handiak ditu, baina bikaintasuna, sormena eta talentua ere baditu; horiek dira kontinentearen garapen soziala, politikoa eta ekonomikoa lortzeko funtsezko ardatzak. Programaren azken helburua Afrikako emakumeen talentua ikusaraztea eta indartzea da, eta emakumeek garapen-prozesuetan duten zeregin nagusia nabarmentzea.
Programa honen bidez babestutako ekimenen artean aipatutako hiru ikerketa-zentroenak daude. Zentro horiek beren lankidetza-esperientziak azaldu dituzte, kasu batzuetan anfitrioien eta Afrikako ikertzaileren baten parte-hartzearekin.
Biodonostia OIIren kasuan, “Afrika 3Dn” ekimena sustatu da, ikertzaile senior afrikar bat erakartzeko. Horrek Institutuan egonaldi bat egingo du, zehazki 3D Inprimaketarako Diziplina Anitzeko Plataformak aurrera eramandako proiektuetako batean lan eginez. Plataforma horren arduradunak, Ana Aiastui doktoreak, azaldu du zertan datzan proiektua, Olatz Arrizabalaga koordinatzaile zientifikoak lagunduta. Biak dira ekimen honen bultzatzaileak Institutuan
Laster, COVID-19aren pandemiak eragindako atzerapenaren ondoren, Biodonostiak harrera egingo dio Abena Kwafo – Armah Ghanatarrari. Ikertzaile honek traumatologo gisa lan egiten du Korle-Bu Unibertsitate Ospitalean, Ghanan, eta ospitale-eremuko 3D inprimaketa-proiektu baten garapenean lanean ari da.
Ekitaldiaren argazkiak: GFA










