Glioblastoma multiformea garun-kantzer ohikoena da. Kantzerrik gaiztoenetakoa da halaber. Kantzer hau duten gaixoen pronostiko okerraren zioa egungo kimio eta erradioterapiaren aurkako erresistentzia da hein handi batean.
Aipatu erresistentzia tumore-zelula ama izeneko azpi-biztanleria zelular baten ondorio dela ezagutu da azken urteotan. Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko (Biodonostia OII) Onkologia Zelularreko Ikerketa Taldeko arduradun Ander Matheu doktoreak koordinatu duen ikerketa batek pauso berri bat eman du tumore-zelula amen biologiarako funtsezkoak diren mekanismoen identifikazioan.
Nicolás Samprón eta Irune Ruiz doktoreak (Donostialdea ESI), Jorge Villanúa (OSATEK, Donostia Unitatea) eta Londreseko The Francis Crick Instituteko (Dr. Lovell-Badge) eta Edinburgoko (Dr. Steven Pollard) MRC Centre for Regenerative Medicine zentroko ikerlariak parte hartu dute ere ikerketan eta ondokoa izan da bere aurkikuntza: tumore-zelula amek SOX2 eta SOX9 geneen jarduera behar dutela tumore-gaitasuna mantendu eta glioblastomaren aurkako praktika klinikoan erabiltzen ohi den temozolomida kimioterapia-eragilearen aurkako erresistentzia lortzeko.
Ikerketak probatu duenez SOX2 o SOX9 geneen isiltze genetikoak tumore-zelula amen berezko ezaugarriak ezabatzen ditu, aipatuak temozolomidaren aurrean sentiberak bihurtuz. Datu horiei esker, kimioerresistentziaren zioak azaltzeko mekanismoa lortu eta glioblastomaren errepikapena saihesteko gako-ituak identifikatu dira.
Laura Garrós y Paula Aldaz lanaren lehen egileek argitaratu zuten informazio horretatik abiatuta, partzuergoaren kideak SOX proteinen adierazpena farmakologikoki saihesteko eragileak bilatzen jarri ziren. Zenbait saiakera eta gero, Olatz Arrizabalagak errapamizinak (mTORen inhibitzailea eta glioblastomaren inguruko proba kliniko ezberdinetan probatzen ari diren tumoreen aurkako eragilea) SOX2 eta SOX9 geneen maila hein handi batean murrizten duela aurkitu zuen. Halaber, tumore-zelula amak desaktibatzeko SOX proteinen inhibizioa erabiltzeko hipotesia zuzena zela frogatu zuen ere, temozolomida eta errapamizina konbinatuz gero glioblastomaren sorrera era esanguratsuan murrizten baita; azkenik, SOX proteinen maila endogeno altuak dituzten zelulatan adierazpen baxua dutenetan baino eraginkortasun handiagoa lortzen dela ikus izuen ere.
Emaitza horiei esker ondoko hipotesia babesteko ikerketa aurre-klinikoak ditugu dagoeneko: ohiko tratamenduari errapamizina gehituz gero terapia eraginkorra aplika dakieke beren biopsietan SOX2/SOX9 proteinen adierazpen handia duten glioblastomadun gaixoei.
Ikerketa-lana Expert Opinion on Therapeutic Targets aldizkariaren online edizioan argitaratutako artikulu batean bildu da.
mTOR inhibition decreases SOX2-SOX9 mediated glioma stem cell activity and temozolomide resistance.





