Urriaren 22tik 28ra, aurten ere, DSS WeekINN Berrikuntzaren Astea egin da Donostian, Zientzia eta Berrikuntza: etorkizuneko hiria lelopean. Donostiako Sustapenaren ekimena da, eta Donostiak azken urteotan garapen zientifikoaren alde egin duen apustua du ardatz, zientziaren eta berrikuntzaren hiri gisa sendotzeko helburuarekin. Ekimenak 4.500 pertsona baino gehiago mobilizatu ditu aurten dozenaka prestakuntza- eta dibulgazio-jardueren eskaintzaren inguruan.
Biodonostia OII hasieratik ari da ekimen honetan laguntzen. Aurtengo edizioan, herritarren topaguneak handitu eta indartu ditu, bere helburuari jarraiki, ezagutza aurkitzeko, esperimentatzeko, ikasteko eta partekatzeko gune bilakatzeko, betiere herritarrak protagonista nagusi direla.
Horrela, Biodonostiak hainbat formatutan eta hainbat ikuslerentzako jarduerak garatzen parte hartu du.
Hala, hilaren 25ean, Kursaalean, Biodonostia OIIko 3D Inprimaketa Plataformako taldeak Biomodeloen bidez Plataforman egiten den lanaren berri eman zuen, eta hainbat ikastetxetako 180 ikasle inguru hartu zituen. Era berean, Ana Aiastui Plataformaren arduradunak eta DOMOTEK enpresak 3D inprimaketari buruzko dibulgazio-hitzaldia eman zuten, hainbat ikastetxetako 80 ikasle ingururi zuzenduta.
Arratsaldean, beste herrialde batzuetatik etorritako Pedro Rodrigues eta Charles Lawrie Institutuko ikertzaileen txanda izan zen. Beste ikertzaile batzuekin batera, Donostiara iristean izandako egokitzapen-esperientziak azaldu zituzten, Begirada atzerritarrak topaketan. Topaketa honen bidez, Donostian zientzia eta berrikuntzako ekosistema eraikitzeko atzerriko ikertzaile- eta ekintzaile-komunitatearen ikuspegia jaso nahi izan zen.
Hilaren 26ko jardunaldian, Emakumeak Zientzian ekimenaren laguntzarekin, “Atzoko eta gaurko emakume zientzialariak” topaketa egin zen, eta bertan parte hartu zuen Olga Ibañez Solek, Biodonostiako doktoratu aurreko ikertzaileak, besteak beste. Topaketa horretan, ikertzaileek beste garai bateko ikertzaile bat hartu zuten erreferente gisa, haren ibilbidea ezagutarazteko eta, aldi berean, emakumeek gaur egun ikertzen duten eremua zein den kontatzeko. Olga Ibañezek aukeratutako ikertzailea Alexandra Elbakyan izan zen.
Hilaren 27an, Laura Moles Biodonostiako Neurozientziak Arloko ikertzaileak Mikrobiota: Kontrolatzen al dituzte bakterioak gure burmuina? hitzaldia eskaini zuen Alderdi Ederren muntatutako karpa batean. Bertan, Mikrobiotaren inguruan hitz egin zuetan eta gaixotasun neurologiko jakin batzuetan duen garrantziaren inguruan ere. Adierazi zuenez, entzimak funtsezkoak dira gure gorputzaren funtzionamenduan, eta mikrobiotaren eta hainbat gaixotasunen arteko harremanak bilatzen dituzten ikerketak martxan daudela adierazi zuen ere.
Azkenik, azpimarratu behar da Biodonostia Emakumeak Zientzian ekimenaren erakunde antolatzaile eta sustatzaileetako bat dela, eta erakunde horren lana aintzat hartu zela hilaren 28an egin zen ekitaldian. EmakumeakZientzian elkarteak aintzatespen berezia jaso du aurtengo WeekInnen, emakumeak zientzian duen ikusgarritasunaren eremuan erreferente izateagatik eta genero-berdintasunaren alde borrokatzeagatik, Donostiaren erronkei aurre egiteko palanka gisa.
Hemen duzue Biodonostiako duela gutxi arteko zuzendari zientifikoaren bideoa, berrikuntzaren astearen aurkezpenean emana.







