Biodonostia OIIak Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren ((FECYT) Kultura Zientifikoko eta Berrikuntzako Unitateen Sarean (KZU+b Sarea) erregistratzeko prozesua gainditu berri du. Azken horrek Kultura Zientifikoko eta Berrikuntzako Unitatearen zigilu bereizgarria eman dio Biodonostiari, zientzia dibulgatzeko eta hedatzeko egiten duen lanarengatik.

Horrela, Biodonostia Estatuan egiaztatutako 80 zentroetako bat izango da, eta honako modalitateak integratuko ditu: I+G+Bren emaitzen komunikazioa, ezagutza zientifiko eta teknologikoaren dibulgazio orokorra, ikertzaileei zientzia eta teknologia zabaltzeko aholkularitza eta prestakuntza eta I+G+Bren gizarte-hedapeneko prozesuei buruzko ikerketa.

Institutuko KZU+b Unitateak Komunikazio Unitatearen jarduera eta RRI Estrategiaren (Responsible Research and Innovation) inguruan bultzatutako ekimenak biltzen ditu, eta zientziaren dibulgazioa sustatzeko lankidetzan dihardu, aipatutako lau jarduketa-ildoren inguruan koordinatuta.

Kultura Zientifikoko eta Berrikuntzako Unitateek (KZU+b) bitartekari-lanak egiten dituzte beren erakundeen eta herritarren artean, kultura zientifikoa, teknologikoa eta berrikuntza-arlokoa sustatzeko helburu nagusiarekin. Horretarako, hainbat motatako jarduerak baliatzen dituzte (komunikazio zientifikoa, dibulgazioa, prestakuntza eta abar). Horrela, beraz, funtsezko zerbitzuak dira herritarren prestakuntza, kultura eta ezagutza zientifikoak hobetzeko eta handitzeko.

KZU+b Sarearen helburua, esperientziak trukatzea eta erakundeen arteko sinergiak bilatzea da, eta horrek UCC+i-etako produktuen eta zerbitzuen kalitatea hobetzen du eta baliabideen optimizazioa sustatzen du.