Biodonostia OIIko Gaixotasun Hepatikoen Taldeko ikertzaileek nazioarteko azterlan batean parte hartu dute, Cima – Nafarroako Unibertsitateak koordinatuta, eta FOSL1 geneak kolangiokarzinomaren agerpenean eta progresioan duen funtsezko eginkizuna berretsi dute. Lanaren emaitzak Journal of Hepatology aldizkari zientifikoan argitaratu dira. Lan honetan, Navarrabiomed, Alemaniako Regensburgeko Unibertsitatea eta Estatu Batuetako Rochester Unibertsitateko ikertzaileek ere parte hartu dute.
Kolangiokarzinoma behazun-traktuan oso ohikoa ez den minbizi mota bat da, modu isilean eboluzionatzen duena eta dauden tratamenduekiko oso erresistentea dena; beraz, pronostiko txarrarekin lotzen da. Paziente horientzako terapia eraginkorrak garatzeko, funtsezkoa da haren garapenean inplikatutako molekula-inguruneak ulertzea.
Aurreko lan batean frogatu zen FOSL1 genea biriketako eta pankreako minbiziaren garapenean inplikatuta dagoela. Gainera, tumore hauek kolangiokarzinomarekin antzeko ezaugarri molekularrak zituztela ikusi zen. Premisa horrekin, FOSL1-ek behazun-tumore horretan zuen zeregina aztertu zen, eta ikusi zen gene horrek kolangiokarzinoma-pazienteen laginetan zuen espresioa ehun normalaren aldean handia zela. Gainera, bere presentzia pronostiko okerrago batekin lotzen zen.
Tratamendurako aukera berriak
FOSL1-en funtzioa aztertzeko zenbait analisiren bidez, zientzialariek frogatu zuten gene honek zelulen ugalketan eta tumore hazkundean parte hartzen duela. Gainera, errendimendu handiko tekniken erabilerak geneak identifikatzea ahalbidetu zuen, hala nola HMGCS1 eta AURKA geneak, hauen adierazpena FOSL1 bidez arautua dagoelarik. Era berean, tumore mota honen garapenean duen papera frogatu zen. ‘Azpimarratu behar da gene bientzat inhibitzaile farmakologikoak daudela, saiakuntza klinikoetan eskuragarri daudenak, eta egiaztatu ahal izan dugu tumore aurkako eragina dutela kolangiokarzinoma eredu esperimentaletan, bai zelularretan eta baita saguenetan ere. Beraz, abordatze honek tratamendu-aukera berriak irekitzen dizkie kolangiokartzinoma duten pazienteei “, adierazi du Silve Vicent doktoreak, Cima-ko Tumore Solidoen Programako ikertzaileak eta lanaren koordinatzaileak.
Lan honen finantzaketan erakunde publiko eta pribatuek parte hartu dute, hala nola Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak (FEDER-MINECO), Carlos III Osasun Institutuak (ISCIII) eta María Eugenia Burgos de la Iglesiaren familiak.
Erreferentzia bibliografikoa:
FOSL1 promotes cholangiocarcinoma via transcriptional effectors that could be therapeutically targeted.
https://www.sciencedirect.com/science/article/pii/S016882782100235X






