Azaroaren 18an antibiotikoen erabilera zuhurraren Europako Eguna ospatzen da, mikrobioen aurkako erresistentziari eta antibiotikoen erabilera zuhurraren garrantziari buruz kontzientziatzeko eguna. Gure institutuan, Epidemiologia Infekziosoa eta Erresistentzia Antimikrobianoa taldeak, Txema Marimónek zuzenduta, mikrobioen aurkako erresistentziari buruzko hainbat ikerketa-lerro ditu zabalik. Zehazki, bakterio-erresistentzia ikertzen dute arnas patogenoetan (besteak beste, Streptococcus pneumoniae), gastroenteritisa eragiten duten patogeno zoonotikoetan eta beste mikroorganismo batzuetan, hala nola ospitale-jatorriko bakterioetan.
Aurreko batean esan bezala, egiten duten lanak tratamendu antibiotikoak optimizatzeko balio du, erresistentzia posibleak eta albo-ondorioak aurreikusiz; bakterioen arteko erresistentziaren transmisio-mekanismoak ezagutzea; eta, gainera, lan horiek ingurumen- eta animalia-osasuna kontuan hartuta egiten dituzte, hau da, One health perspektibarekin. Izan ere, osasun-ikuspegi bakar horrekin, ikerketa-taldeak lan bat egin zuen Neikerrekin eta Gipuzkoako Osasun Publikoko Laborategiarekin batera, Campylobacter bakterioaren antimikrobioen aurkako erresistentzia aztertzen zuena.
“Erresistentzia antibiotikoa, gaur egun, OMEren ustez, gizateriak aurre egin beharreko osasun publikoko 10 mehatxu handienetako bat da. Horregatik, gure ingurune hurbilean erresistentziaren epidemiologiaz erne egon behar dugu, erresistentzia antibiotikoaren aurkako borrokan inplikatutako beste eragile batzuekin lankidetzan arituz eta sare zabalagoetan integratuz, guztion artean ezar litekeen agertoki zalantzagarri hori prebenitzea ahalbidetuz “. Gizarte gisa dugun erronka garrantzitsu honetan taldeak egiten dituen aurrerapenak partekatzen jarraitzea espero dugu.





