Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutuak ikerketari laguntzeko zenbait plataforma ditu, eta hainbat eremutan eskaintzen dituzte bere zerbitzuak. Oraingo honetan, Animaliategian egindako lana hurbilagotik ezagutuko dugu, Elizabeth Hijona arduradunaren eskutik.

Zer aurrerapen eta onura lortu dira osasun-ikerketan animaliengan egindako esperimentazioari esker?

Animalien esperimentazioari esker, gaixotasun askoren azterketan eta tratamenduan aurrera egitea lortu da, bai beste animalia batzuentzat, bai gizakiarentzat berarentzat. Adibide gisa, farmako berrien garapena, txertoak, teknika diagnostiko berriak, teknika kirurgikoen hobekuntza, terapia genikoak eta abar azpimarra ditzakegu.

Iaz, Espainiako Elkarte Zientifikoen Konfederazioak (COSCE), Animalien Ikerketarako Europako Elkartearen (EARA) laguntzarekin, sustatutako animalien esperimentazioaren gardentasun-akordioarekin bat egin zuen Institutuak. Zer ekarri du atxikimendu horrek?

Espainian esperimentazio zientifikoan animaliak erabiltzeari buruzko gardentasun-akordioa COSCEk sustatzen du, komunitate zientifikoaren eta gizartearen arteko komunikazio-bideak ezartzeko helburuarekin, ikerketarako erabiltzen diren animaliak noiz, nola eta zergatik erabiltzen diren eta horrek dakartzan onurei buruz. Erakundearen atxikimenduarekin, konpromisoa hartu dugu informazioa modu gardenean partekatzeko eta animaliekin egiten den ikerketari buruzko komunikazioa sustatzeko, eta horrela, jendeari helarazteko sortutako ezagutzaren aurrerapeneei, arrazoiei eta metodoei buruzko informazio guztia, ikerketa zientifikoan animaliak erabiltzea justifikatzen duena.

Animaliekin lan egiteak erantzukizun handia dakarrela uste dugu. Nola daramazue erantzukizun hori Animaliategiko taldeak?

Egia da esperimentazioko animaliekin lan egiteak erantzukizun handia dakarrela, izaki bizidunekin ari baikara, eta horrek etengabe trebatzera behartzen gaitu, animalien zaintza, osasuna eta ongizatea ahal den neurrian hobetzeko.

Gure plataformak indarrean dagoen legediaren arauak betetzen ditu, 53/2013 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, esperimentazioan eta beste helburu zientifiko batzuetan (irakaskuntza barne) erabiltzen diren animaliak babesteko oinarrizko arau aplikagarriak ezartzen dituena.

Azken batean, legedia betetzearekin konprometituta gaude, baina, batez ere, gure helburu nagusia animaliekin errespetuzko tratua izatea eta haien ongizatea zaintzea da.