Ekainaren 26an, Tolosako TOPIC zentroan ospatutako ekitaldian, Kutxa Fundazioak Inspira Gazteak 2025 sarien irabazleen izenak ezagutzera eman zituen. Sarituen artean izan da Ainhoa Bereziartua Aranzabal, Biogipuzkoako Osasun Publikoa eta Ingurumen-epidemiologia ikerketa-taldeko kidea. Berarekin batera saritu dituzte Shrabani Aranzabe-Pita, Maddi Goikoetxea, Maite Ponferrada eta Sofia Ferreira.
Inspira Gazteak sarien helburua da Gipuzkoako gazteen ibilbide eta proiektu inspiratzaileak aitortzea eta ikusaraztea, belaunaldi berrientzako erreferenteak sortuz. Aurten, 120 proposamen baino gehiago aurkeztu dira, eta hautatutako bost irabazleek 15.000 euroko laguntza jasoko dute euren proiektuak garatzen jarraitzeko.
Ainhoarengana jo dugu bere lanaren berri izateko eta sari hau jasotzeak zer suposatzen duen jakiteko.
Zer sentitzen duzu Inspira Gazteak 2025 sari bat jasotzeagatik?
Inspira Gazteak Sariak II.edizioko sarituetako bat izatea, nire orain arteko lanaren aitortza izatetik haratago, Osasun publikoa eta ingurumen epidemiologian nire ikerketa ibilbidea garatzen jarraitzeko bultzada bat dira. Horrez gain, zientzia gizarteratzen jarraitzeko indarra eta baliabideak emango dizkit, dibulgazio-jarduera berritzaile eta originalak sortu, garatu eta gauzatzea ahalbideratuz. Gainera, sari honek ikertzaileen, erakundeen eta herritarren arteko lankidetza-sareak sustatzeko lana sendotzen ere lagunduko dit, ezagutza-transferentzia eta ekintza zehatzak ezartzea erraztuz.
Osasun urbanoari buruzko erakusketa ibiltari bat garatzeagatik jaso duzu saria. Zertan datza?
Gaur egun, dibulgazio zientifikoan espezializatutako lankide ilustratzaile batekin batera, errealitate areagotua hiri-osasunari buruzko ezagutzak transmititzeko erabiltzen duen erakusketa-proiektu ibiltari bat garatzen ari gara. Biogipuzkoako Osasun Publikoa eta Ingurumen-epidemiologia eta EHU-ko basque Environmental Health Research Group ikerketa-taldeen babesarekin, One Health ikuspegitik hiri-osasunari buruz egiten ari naizen ikerketaren eta nire lankideak ilustrazio zientifikoan duen esperientziaren arteko sinergiatik sortu da proiektu hau. Gure motibazioa hiri-inguruneak (airearen kutsadura, zarata, berdeguneak, etab.) gure osasunean nola eragiten duen kontzientziatzeko beharretik sortzen da, ebidentzia zientifikoetan oinarritutako informazioa eskainiz, herritarrek beren ongizateari buruzko erabaki informatuak har ditzaten.
Ekimen berritzaile honen helburua zientzia eguneroko espazioetara hurbiltzea da, hala nola, eraikin publikoetara, kaleetara, merkatuetara eta tabernetara, zientzia-dibulgazioaren eremu tradizionalak gaindituz. Berrikuntza funtsezkoa da zientzia gizartera hurbiltzeko, eta gure proiektuak diziplina arteko ikuspegi berritzaile bat proposatzen du: errealitate areagotua baliatuz, artea, teknologia eta zientzia uztartzen ditu, ikus-entzunezkoen bidez hiriko ingurumen-faktoreek osasunean duten eragina modu erakargarri eta irisgarrian gizarteari transmititzeko.
Ze espero duzu lortzea erakusketa ibiltariarekin?
Gure helburu zehatza hiri-osasunari eta horrek komunitatearen ongizatean duen eraginari buruzko ezagutza handitzea da, zientziaren eta gizartearen arteko zubiak sortuz formatu berritzaile eta eskuragarrien bidez. Hain zuzen, euskarri zientifiko sendo batetik abiatuta, herritarren jakin-mina piztu eta herritarrak hiri-ingurunearen eta osasunaren arteko harremanari buruz informatzea lortu nahi dugu.
Zientziak laborategietatik eta unibertsitateetatik haratago joan behar duela uste dugu, gizarte osoari baliagarri izan behar diola. Horregatik, lankidetza sustatzea eta ezagutza herritarrengana gerturatzea funtsezkotzat jotzen dugu. Zientifikoki informatuago dagoen gizartea ere justuagoa, kultuagoa eta jasangarriagoa delako, bereziki informazio hori euskaraz aurkezten denean, ikuspegi inklusibo batekin eta publiko gaztearentzat erakargarriak diren teknologiak erabiliz.
Azken finean, gure asmoa, gizartean ikaskuntza- eta kontzientziazio-gune bat eraikitzea da, herritarrei ingurumenaren eta osasunaren arteko harremana hobeto ulertzen laguntzeko, politika jasangarriago eta arduratsuagoak bultzatuko dituen pentsamolde-aldaketa sustatuz.
Biogipuzkoatik zorionak eman nahi dizkiegu Ainhoari eta gainerako saridunei egindako lanarengatik eta gizartearentzako duten ekarpenarengatik.
Ainhoak, gainontzeko irabazleekin batera DV gunean “inspiraTU | Gizartea eraldatzeko gazte inspiratzaileak” jardunaldiko mahai-inguruan parte hartuko du datorren ostegunean, uztailak 3an. Bertaratu nahi baduzu, izena eman dezakezu hemen.






