Luis Bujandak, IIS Biogipuzkoako gaixotasun hepatiko eta gastroinstestinalen arloko arduradunak, parte hartu du ACOX2 genearen mutazioek hepatitis akutu pediatrikoa kasuetan duten eragina aztertu duen lan batean. Lan hau Centro de Investigación Biomédica en Red de Enfermedades-en ikertzaileen lankidetzatik sortu da eta ikertzaie horiek Salamancako Unibertsitatekoak, Salamancako Ikerketa Biomedikoko Institutukoak, Nafarroako Unibertsitatekoak eta Mikrobiologiako Zentro Nazionalekoak dira. Lan honen emaitzak Journal of Clinical and Translational Hepatology nazioarteko aldizkari zientifikoan argitaratu dira.
Azken urteotan, hepatitis akutu pediatrikoaren kasu kopuru handia izan da Europa osoan, eta hori prentsara ere heldu da. 14 urtetik beherakoetan deskribatutako kasu horiek ospitaleratzea eta, kasu batzuetan, gibela transplantatzea eragin dute. Jatorria ezezaguna denez, adenobirus bidezko infekzioak edo SARS-CoV-2 aldaera jakin batzuk proposatu dira kausa gisa, baina oraindik ez dago argi.
Ikertzaile-taldeak gaian izandako esperientziatik abiatuta, ACOX2 genearen mutazioak kasu horietan tartean egon ote daitezkeen planteatu zen. Gene horretako mutazioek gibelean metabolito toxikoak metatzen errazten dute, gibelak beste faktore batzuekiko duen kalteberatasuna areagotuz eta, ondorioz, lesio larriagoak eraginez.
Hepatitis akutu pediatrikoaren kasuetan ACOX2 genearen papera argitzeko, gene hori 50 kasutan aztertu zen, eta emaitzak alderatzeko helburuarekin, gibeleko beste gaixotasun batzuek zituzten 23 helduetan aztertu zen.
Emaitza bezala, gene horretan mutazioak kasu pediatriko batean eta helduen beste batean baino ez ziren aurkitu, eta, ziurrenik, genearen funtzioari ez zioten erabat eragingo. Horrela, ez dirudi ACOX2 genearen mutazioek hepatitis akutuaren kasu horiek azal ditzaketenik.
Luis Bujandak azpimarratzen duen bezala, “Hau zientziaren prozesuaren zati bat da: aurretiko ezagutzetan eta esperientzian oinarrituta, galdera bat egiten duzu, lankideekin harremanetan jartzen zara galdera hori kontrastatzeko, eta lanean jartzen gara. Laginak, baliabideak eta finantziazioa bilatzen ditugu, eta emaitzak ikusten ditugu. Kasu honetan negatiboa izan da, baina horrela funtzionatzen du zientziak, nondik jarraitu eta nondik ez jakin behar dugu. Orain planteatu beharko dugu zer beste faktore ikertu behar ditugun kasu horien zergatia ezagutzeko eta horretan hasteko“.
Lan hau finantziatu dute Carlos III .a Osasun Institutuak (PI22/00526), Europar Batasunak batera finantzatuta, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak (PID2022-140210OB-I00), CIBERehd (EHD15PI05/2016), CIBEResp (ESP23PI08) eta Gaztela eta Leongo Juntak (SA113P23) (Espainia).





