Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Berrikuntza Funtsaren bidez, Medtech ekimena abian jartzen du urtero 2018az geroztik, Osasun Ikerketako Institutuen (OII) bidez, eta diru-laguntza bat ematen du, Gipuzkoako Lurraldearen kasuan Biodonostia OIIak kudeatzen duena.

Ekimen hau Innosasun programaren barruan sartzen da. Programa horren helburua da hirugarrenen (enpresak eta eragile zientifiko-teknologikoak) berrikuntzak garatzen laguntzea, lankidetzaren bidez eta osasun-sistemaren gaitasunak oinarri hartuta.

Medtech ekimenaren helburua da osasun-emaitzak hobetzeko eta balioa sortzeko balio duten enpresen produktuak/teknologiak/zerbitzuak garatzeko prozesuan laguntzea eta prozesu hori bizkortzea, eta, batez ere, Euskal Osasun Sistema Publikoan (EOSP) baliozkotzea eta/edo probatzea. Horrela, lankidetza publiko-pribatua sustatzen da, eta EOSParen eginkizuna indartzen da, enpresa-ingurunerako gailu eta produktu sanitarioen proba-banku edo living-lab gisa.

Medtech laguntzaren onuradun izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten enpresak, baldin eta beren produktuak/teknologiak/zerbitzuak garatzeko EOSParen laguntza eskatzen badute.

MEDTECH 2021

Medtech 2021 ekimena aktibo dago jada, eta 2021eko urte naturalean irekita egongo da, Biodonostia OIIari esleitutako zuzkidura ekonomikoa agortu arte.

Ekimen hau zure enpresarentzat lagungarria izan badaiteke, jarri harremanetan Biodonostia OIIko Berrikuntzari Laguntza Emateko Unitatearekin.