Ekainaren 21ean eta 22an, Biodonostia OIIn izan da “Data-Driven Drug Discovery for Wound Healing (4D-HEALING)” Europako proiektua abian jartzeko bilera. Proiektua Marcos J. Araúzo-Bravo doktoreak koordinatzen du, Institutuko Biologia Konputazionaleko eta Sistemen Biomedikuntzako Taldeko buruak; eta parte hartzen du, baita ere, Ehunen Ingeniaritzako Taldeko Ander Izeta doktoreak, project manager gisa.
Datozen hiru urteetan, proiektuak giza zaurien orbaintzea analizatuko du, zelula bakarreko analisi transkriptomikoen teknologia berriaren bitartez. Helburua da metodo konputazionalen bidez identifikatzea egun merkatuan dauden eta larruazalaren orbaintzea hobetzeko erabil daitezkeen itu molekularrak eta sendagaiak.
Proiektua 1,4 M eurorekin finantzatu da H2020ren “ERACoSysMed – Systems Medicine to address clinical needs” proiektuen bigarren deialdian. Deialdiaren asmoa da ikerketa klinikoan eta jardun medikoan sistemen biologian oinarritutako hurbilketak egin daitezen sustatzea. Sistemen medikuntzak tresna berri bat emango die ikertzaile eta medikuei. Horri esker, medikuek aukera izango dute pazienteak azkarrago eta eraginkortasun handiagoaz diagnostikatu eta tratatzeko. Gainera, sendagai pertsonalizatuak sortzerantz aurrera egiteko ahalmena du.
Biodonostia OIIz gainera, honako hauek hartzen dute parte proiektuan: Monasterium Laboratory Skin & Hair Research Solutions GmbH (Germany), University of Ljubljana, Faculty of Medicine, Medical Center for Molecular Biology (Slovenia), Mathematical Institute, Slovak Academy of Sciences, Bratislava (Slovakia), Medical University of Vienna, Department of Molecular Neurosciences (Austria), DEBRA Austria (Austria), Plastic and Reconstructive Surgery Research, University of Manchester (UK), European Bioinformatics Institute (EMBL-EBI), WT Sanger Institute, Cambridge (UK).






