Osakidetzaren ikerketa-proiektu honi esker, gehiago jakin ahal izango da  minbiziaren biologiari buruz eta aurrera egin ahal izango da bularreko minbiziaren tratamendu berriak diseinatzean

Osakidetzako Biodonostiako María Caffarel ikertzailearen lana saritu du Geicam Bularreko Minbiziaren Ikerketa Taldeak duela gutxi Zaragozan egindako Nazioarteko 11. Sinposioaren esparruan, tratamenduetan aurrera egiteko emandako aurrerapausoengatik.

Taldeak Ahozko Komunikaziorik Onenaren sarietako bat eman dio Caffarel doktorearen Oncostatin M receptor is a novel therapeutic target in triple negative breast cáncer lanari. Caffarel doktorearen lanaz gainera, Zaragozako Miguel Servet Ospitaleak, Valentziako Onkologia Institutuak eta Bartzelonako Clínic Ospitaleak aurkeztutako beste hiru lan ere saritu dituzte.

Bularreko minbizia da mendebaldeko emakumeek izaten duten tumorerik ohikoena.  Kalkuluen arabera, 8-10 emakumetatik 1ek izango du bizitzan zehar, eta horien % 30 gaixotasun horren ondorioz hilko dira. Bestalde, tumore horietako askoren kasuan egungo tratamenduak ez dira erabat eraginkorrak, eta zenbait kasutan berritu ere egiten dira. Bularreko minbiziarentzat terapia berriak aurkitzea, beraz, garrantzi kliniko handiko premia da.

Gaur egun egiten den lanak batez ere bularreko minbiziaren azpitalde bat, bularreko minbizi negatibo hirukoitza izenekoa, aztertzera bideratzen dira.  Eta Caffarel doktoreak aurkeztutako ikerketa-lanaren helburua da, hain zuzen ere, proteina batek, M Onkostatina hartzaileak, bularreko minbiziaren azpitalde horren progresioan betetzen duen eginkizuna aztertzea. Egiaztatu da proteina horren maila handia dela era horretako tumoreetan, eta garrantzi handiko biomarkatzailea izan daiteke, beraz. Gainera, bere aktibazioak beste ehun batzuk inbaditzeko ahalmena eta metastasia garatzekoa sustatzen du animalia-ereduetan laborategian. M Onkostatina hartzailea antigorputz monoklonalak erabilita edo inhibitzaile txikien bidez inhibitu liteke.

Jadanik egiaztatuta dago proteina honetan oinarritutako terapiak baliagarriak direla zerbixeko minbiziaren (Maria Caffarel doktorearen lana Cambridgeko Unibertsitatean) eredu pre-klinikoetan (animalia eta zelulenak), eta beste minbizi mota batzuetan ere aplikatu ahal izango lirateke, beraz.

Doktorearen hitzetan, “tumore negatibo hirukoitzak bularreko tumoreen artean pronostiko txarrena duten azpitaldea dira, eta gainera ez dute terapia espezifikorik. Horregatik, tumore mota honentzat diana terapeutiko berriak aurkitzea garrantzi kliniko handiko premia da”.

Osakidetzaren ikerketa-proiektu honi esker, gehiago jakin ahal izango da  minbiziaren biologiari buruz eta aurrera egin ahal izango da bularreko minbiziaren tratamendu berriak diseinatzean.

Hauek dira ikerketa honetan parte hartu duten ikertzaileak: Angela Araujo, Andrea Abaurrea eta Maria Muñoz Caffarel (Biodonostiako Onkologia Molekularra taldeko kideak) Charles Lawrie (Biodonostiako Onkologia arloko zuzendaria eta Onkologia Molekularra taldeko burua), Isabel Álvarez (Biodonostiako Bularreko Minbizia taldeko burua eta DUOko mediku onkologoa), Ricardo Rezola (Onkologikoko Anatomia Patologikoko Zerbitzuaren burua) eta Ander Urruticoechea (Onkologikoko zuzendari nagusia eta Biodonostiako Bularreko Minbizia taldeko kidea).

Dra. Maria Caffarel