Mauro D’Amato Biodonostiako Genetika Gastrointestinalaren Ikerketa Taldeko arduradunak koordinatutako europar ikerketa proiektu batek pertsonen hesteetako ohituretan gene jakin batzuek duten eragina aztertu du, heste minberaren sindromeak jota egotearen adierazle izan baitaitezke. Ondorio nagusiak GUT aldizkari prestigiotsuan argitaratu dira.
Nahasmendu hau, izan ere, urdail-hesteetako gaitz ohikoenetako bat da. Uste denez, biztanleriaren % 15ek pairatzen du bereziki bihurria den eritasun hau, eta horretarako arrazoiak guztiz ezezagunak dira.
D’Amato doktoreak nabarmendu duenez, “genoma loturen azterlan oso bat egin dugu eta, haren bitartez, zehaztu nahi izan ditugu haien heste-mugimenduak egunero erregistratu dituzten pertsonen profil genetikoaren ezaugarriak. Bada, horri esker, libratzearen maitasuna handitu edo gutxitzearekin erlazioa duten gene batzuk identifikatu ditugu”.
Aipatutako geneen artean, ohikoenak bi motatakoak dira: alde batetik, zitokromoak, farmakoek zein elikagaiek garraiatzen dituzten substantzia toxikoak suntsitzen dituztenak eta, beste batetik, kanal ionikoak, hesteetako muskuluaren uzkurduraren kontrolean inplikatutakoak. Biak ere garrantzi handieneko elementuak dira hesteak libratzeko orduan.
Ikertzaileak argitu duen bezala, “behin bide biologikoak (proteina eta gene garrantzitsuenak) zein diren identifikatuta, terapiarako estrategiak diseina daitezke funtzio hori modulatzeko”, eta hori, D’Amatoren iritziz, “lehenengo urratsa izan daiteke heste minberaren sindromea bezain gaitz bihurrirako sendabidea aurkitzeko”.
Azterlan hau GUT aldizkari prestigiotsuan argitaratu da. 14,921 (Q1) zenbakiko inpaktu faktore batez, Gastroenterology & Hepatology Science kategoriako 79etatik, GUT bigarren aldizkari garrantzitsuena da.
Mauro D’Amato genetika molekularreko aditua da eta, oraindik orain, Biodonostiaren lantaldera bildu da Ikerbasque, Zientziaren Euskal Fundazioko Research Professors programaren bitartez. Talde berri bateko arduraduna da: Biodonostiako Genetika Gastrointestinalaren Ikerketa Taldea (Luis Bujanda doktoreak zuzendutako Gaixotasun Hepatiko eta Gastrointestinalen Ikerketa Arlokoa).
Heste minberatuaren sindromeari buruz
Heste minberatuaren sindromea gaurdaino ezagutzen den urdail-hesteetako nahasmendu bihurrienetako bat da. Haren konplexutasuna da, hain zuzen, ez daudela argi gaixotasunaren beraren arrazoiak eta, beraz, hura diagnostikatzeko, aukerak baztertu egiten dira batez ere. D’Amatok nabarmendu duenez, “askotariko arrazoiak egoten dira: izan daiteke estresa, elikadura, heste-higikortasunaren disfuntzioak… baina ezin da identifikatu zehazki eta, beraz, pertsona desberdinek sintoma berdinak eduki arren, desberdinak dira arrazoiak”.





