Ikerketa-artikulua, Institutuaren Zahartze-estrategiarekin bat datorrena, Scientific Reports aldizkarian argitaratu da.
Marcos J. Araúzo-Bravo doktorea buru duen Biodonostiako Biologia Konputazionala eta Sistemen Biomedikuntza Ikertzeko Taldeak “Genealogy of the neurodegenerative diseases based on a meta analysis of age stratified incidence data” artikulua argitaratu berri du Scientific Reports aldizkarian. Bertan, gaixotasun neurodegeneratiboak urratsen bidez sortzen direla egiaztatzen duen algoritmo baten diseinua jasotzen da. Urrats horietako batzuk ohikoak dira gaixotasun neurodegeneratiboen tipologietarako.
Ikerketa hori bat dator Institutuaren Zahartze-estrategiarekin, eta hainbat ikerketa-talderen zeharkako lankidetzaren emaitza da. Kasu honetan, Biologia Konputazionala eta Sistemen Biomedikuntza taldeaz gain, Adolfo López de Munain doktoreak gidatutako Neurozientzien Arloko ikertzaileek ere parte hartu dute ikerketan.
Gaixotasun neurodegeneratiboen funtsezko ezaugarri komuna gaizki tolestutako proteinen metaketa da, gaixotasun horiek beste mekanismo patogeniko batzuk partekatzen dituzten arren. Hala ere, ez dakigu zein mekanismoren bidez adierazten diren mutazio genetikoak, kontzepziotik hasita, zenbait hamarkadatan.
Ikerketaren helburua gaixotasun neurodegeneratiboen hasieraren eragilearen konplexutasunari buruzko aztarnak aurkitzea izan da, eta gaixotasun neurodegeneratiboak urratsen bidez sortzen diren egiaztatzea, horietako batzuk ohikoak baitira gaixotasunaren tipologi ezberdinetarako.
Azterketa egiteko, post-mortem giza laginak erabili dira, eta guztira adin desberdinetako 1.818 gaixoren ehunak aztertu dira. Gaixotasun neurodegeneratiboren bat duten gaixoen garuneko autopsien ehunak bildu ziren, eta gaixotasun neurodegeneratiboaren multimorbilitatearen igoera dinamikoa aurkitu zen adinak aurrera egin ahala.
Gaixotasun neurodegeneratiboek gaizki tolestutako proteina ugari metatzen dituzte, eta gaizki tolestutako proteina berberak gaixotasun-tipologia batean baino gehiagotan inplikatuta daudenez, ikertzaileek gaixotasun neurodegeneratiboen zuhaitz genealogikoaren eredu bat proposatu dute. Zuhaitza eraikitzeko behar diren datu dinamikoak biltzeko, Big Data ikuspegi bat erabili da, zeinak automatikoki bilatzen baititu datu epidemiologikoen multzoak gaixotasunaren adinaren araberako eragin geruzaturako.
400 datu-multzo baino gehiagoren metanalisian oinarrituta, ikertzaileek algoritmo bat garatu dute, gaixotasun neurodegeneratibo batek hainbat urratseko eredu bati jarraitzen dion egiaztatzeko, eta gaixotasun bakoitza hasteko behar diren urratsen kopurua, beste gaixotasun neurodegeneratibo batzuekin batera egin beharreko urratsen kopurua eta gaixotasun bakoitzaren berariazko urratsen kopurua aurkitzeko. Horrekin guztiarekin, gaixotasun neurodegenretatiboen genealogia-zuhaitz bat eraiki dute. Zuhaitz-eredu horrek enbor patogenoa du, urrats komunez eta gaixotasunaren gertaera espezifiko batzuen adarrez osatua. Gertaera horiek adin desberdinetan gertatzen dira, eta gaixotasun neurodegeneratibo espezifikoen intzidentzia-maila desberdinak sortzen dituzte.
Zuhaitzak gaixotasun neurodegeneratiboen arteko harremanaren ulermen osoa ematen du, baita esparru matematiko bat ere, zuhaitz genealogikoaren doikuntza dinamikorako, azterketa epidemiologiko berriak agertuz eta ereduan gaixotasun berriak sartuz, horrela, urrats horien nortasuna eta ordena bilatzeko oinarriak ezarriz.
Era berean, ikertzaileek adierazi dute oso garrantzitsua dela ulertzea gaixotasunaren hasieraren eragilearekin lotutako faktoreen konplexutasuna edo urrats-kopurua, hainbat urratseko gaixotasun baterako faktore indibidualak aztertzea erabaki aurretik.
Ikerketa honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren eta Europar Batasunaren finantzaketa du.
Artikuluaren erreferentzia:
Genealogy of the neurodegenerative diseases based on a meta analysis of age stratified incidence data. Daniela Gerovska, Haritz Irizar, David Otaegi, Isidre Ferrer, Adolfo López de Munain, Marcos J. Araúzo Bravo. Scientific Reports (2020)10:18923 |
Irakurri artikulu osos esteka honetan: https://rdcu.be/b9EuT






