Naru Intelligence , Bidasoa ESI eta Biodonostia OIIko ordezkariak.

Biodonostia OIIak StepCare produktuaren baliozkotze klinikoaren prozesua kudeatu du, Naru Intelligence startup-arena den COVID-19 duten pazienteen jarraipena optimizatzeko adimen artifizialeko sistema. Horretarako, ikerketa kliniko bat egin da Bidasoako ESIko medikuekin batera, software-produktu horren segurtasuna, fidagarritasuna, eraginkortasuna eta erabilgarritasuna balioztatzeko.

Biodonostiak, bere Plataformen eta Berrikuntza Unitatearen bidez, osasun-emaitzak hobetzeko eta balioa sortzeko balio duten produktu eta teknologia sanitarioak garatzen laguntzen du, lankidetza publiko-pribatua erraztuz eta osasun-sistemak gailu eta produktu sanitarioen proba-banku gisa duen eginkizuna indartuz.

Ikerketa StepCare-ren segurtasuna eta eraginkortasuna lau hilabetez frogatzean oinarritu da. Software-produktu sanitario honek COVID-19 dutela eta isolatuta dauden pazienteen urruneko jarraipena egiteko balio izan du, Bidasoa ESIko etxeko ospitalizazio-eremuko ikerketa-taldearen eskutik, María Montserrat Pérez García doktorearen gidaritzapean.

Emaitza oparoak lortu dira Lehen Mailako Arretako eta Etxeko Ospitalizazioko zerbitzuetako langileen lan-karga murrizteari eta pazienteen jarraipena optimizatzeari dagokienez. Langile klinikoei pazienteak okerrera egiteari aurrea hartzeko beharrezko informazioa eman die, eta horek guztiak erabili ohi diren prozedurei dagokienez hobekuntza nabarmena ekarri du, ikerketa-taldeak adierazi duenez.

Sistemak automatikoki eta denbora errealean interpretatzen du etxean isolatuta dauden pazienteek emandako sintomen larritasuna, aplikazio erraz eta intuitibo baten bidez. Sintomen larritasuna interpretatzeko osagarri gisa, sistemaren algoritmoek pazienteak lehenesten dituzte, eta, horri esker, osasun-langileek eboluzio okerrena duten pazienteengana jo dezakete, lan-gainkargarik sortu gabe. Pazienteei lehentasuna ematea eta sistemak sortutako eta harrapatutako informazio kliniko garrantzitsua denbora errealean erakusten da produktuaren interfazean osasun-langileentzat, erabakiak hartzeko prozesu informatuago bat sustatzeko helburuarekin.

“Ikerketa klinikoan lortutako emaitzei esker, gure bigarren gailu medikoa, StepCare, ziurtatu ahal izan dugu”, azaldu du Maider Alberichek, Naru Intelligenceren CTO, eremu biosanitariorako adimen artifizialeko sistemen startup-ak. Donostiako startup-a bere softwarea Europar Batasunean banatzeko izapideak egiten ari da, osasun-larrialdiko egoerak eragindako eskari handiaren ondorioz osasun-zerbitzuak kolapsatu ez daitezen, arreta proaktiboa, kalitatezkoa eta pazienteengan zentratua sustatuz.

Esperientzia horiek agerian uzten dute, beste behin ere, lankidetza publiko-pribatuak duen garrantzia esparru biosanitarioarekin lotutako hobekuntzak garatzeko eta osasun-arretan eta pazientearengan duen eragina.